AKTUALITATEA


| 2022-09-30 13:12:00

Araba. 2022-09-30 | EH Bildu eta Elkarrekin Araba batzarkide taldeek INDESAko egoera salatu dute gaur, atzo enpresa-batzordeko gehiengo sindikalak Ahaldun Nagusiari bidalitako idazkiaren berri izan ostean. Bertan, besteak beste, enpresako zuzendaritza kargutik kentzea eskatzen dute.

Sindikatuek bidalitako idazkian zuzendaritzaren jokabide autoritario eta aldrebesa salatu dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako epaia gogorarazi dute, langile baten oinarrizko eskubideak urratzeagatik. Era berean, lan-ikuskaritzan aurkeztutako salaketa ugariak aipatu dituzte, baita Espainiako Auzitegi Gorenak INDESAn ezarritako aldi baterako lan-erregulazioa baliogabetzeko emandako epaia ere.

Claudia Venceslao Arabako EH Bilduko batzarkideak enpresa publiko honen egoera salatu du: «Beste behin ere gure kezka adierazi nahi dugu INDESAn bizi den lan-gatazka larriaren aurrean, Ramiro Gonzalezen Gobernuak egindako kudeaketa negargarriaren ondorioz».

Agerraldi eskaera

Horren aurrean, EH Bildu eta Elkarrekin Araba batzarkide taldeek Emilio Sola Gizarte Politiketako diputatuaren eta Jose Luis Alonso Quilchano INDESAko zuzendari kudeatzailearen agerraldia eskatu dute Gizarte Politiken Batzordean, sindikatuek salatutako gaiei buruzko azalpenak eman ditzaten.