AKTUALITATEA


| 2021-09-28 10:36:00

Arabako politika orokorreko osoko bilkuran, Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko bozeramaileak ahaldun nagusiari erantzuteko aukera izan du gaur, eta hiru erronka nagusi nabarmendu ditu: egoera sozioekonomikoaren hobekuntza, zaintzen krisiari aurre egitea, eta larrialdi klimatikoari erantzutea.

Ildo horretan, gobernuarekin elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazi du Fernandez de Pinedok, eta salatu du orain arte gobernuak «modu unilateralean» jardun duela, eta gobernatzeko modu horren isla dela «gobernuaren moteltasuna eta ekimen falta». Eragile politiko eta sozialekiko harremanik eza salatu du, “areago bizi dugun egoeran”.

Hutsuneak nabarmendu ditu, besteak beste, gizarte zerbitzuetan eta energia berriztagarrien arloan. Azken horretan, planifikaziorik gabe eta “handikeriaz” jardun nahi izana leporatu dio foru gobernuari: kontzeju eta udalerrien hitza entzutea eskatu du Fernandez de Pinedok, “biodibertsitatea errespetatuz eta balio handiko mendiak suntsitu gabe edo nekazaritza-lur emankorrak industrializatu gabe”.

Tubacexeko langileak aipatuta, auzitegiaren ebazpena betetzeko eskatu dio ahaldun nagusiari: “Foru Gobernu honek epel, oso epel jokatu du beste zenbait gatazkatan edota krisiak jotako sektoreekin”. Nekazaritza eta elikagai politikan ere aldaketak exijitu ditu, eta larrialdi klimatikoarekin lotu du gaia: gobernuari “adabakiak jartzen” aritzea leporatu dio, “baina sektorerako benetako alternatibak eman gabe”. Ildo beretik, ardogintzan, planak argi azaltzea eskatu du, sektorea bizi-bizirik baitago Araban, “baina hori ez da nahikoa izango EAEko eta Arabako administrazioek ez badute euren lana egiten, eta ez badituzte baldintzarik gabe babesten upategi txiki eta familiarrak, korporazio handien aurrean”.

Fiskaltasunaz esan du gero eta erregresiboagoa dela, bere ustez: “Zuen eredu fiskala hurbilago dago Isabel Díaz-Ayusorengandik, Angela Merkelengandik baino”. Kike Fernandez de Pinedok amaitu du esanez oso kritikoak direla foru-gobernuarekin, baina proposamen eraikitzaileak egiten jarraituko dutela: “Araba aldatzen ari da, dinamikoa da, eta arabarrok ezkerraren bidetik eta burujabetzan sakonduz bestelako gobernantza eta gidaritza merezi dute, eta laster izango dute. Gu prest gaude horretarako”.

Kritikaz harago, proposamenak

Gabezia horiei guztiei aurre egiteko, EH Bilduk errezetak badituela esan du bozeramaileak, eta gogora ekarri du azken hilabeteotan koalizioak egindako proposamenak.

  • BiziOn plana

Gogora ekarri du joan den astean aurkeztutako kontzertaziorako foru-arau proposamena, zeina jasota baitago Bizi On adinekoen zaintzarako plan estrategikoan.

  • Araba Zero Karbono

Trantsizio energetikorako Araba Zero Karbono plana aipatu zuen, 2050. urterako Araba karbonorik gabeko lurraldea izateko EH Bilduren proposamena. “Klima larrialdiak behartzen gaitu urrats sendoak ematera”, esan du Fernandez de Pinedok. Europako Funtsetarako ere zortzi egitasmo aurkeztu zituztela adierazi du, bere iritziz “estrategikoak direnak Arabako etorkizunerako eta bat egiten dutenak lurraldeak dituen erronka nagusiekin”. Horien artean daude egoer solidoko baterien gigafaktoria edota polo bioteknologikoa, besteak beste.

  • Ernaberri plana

Aiaralderako Ernaberri planaren helburua da “Aiaraldeko egoera sozioekonomiko delikatua berpiztea”, eta hamar proiektu traktore jasotzen dira bertan. Aiaraldeko eragile eta kolektiboekin kontrastatzen eta osatzen ari dira azken hilabeteetan.

  • Elikaduraren Kontseilua

Elikagaien ekoizpen eta kontsumoaren arloan, Elikaduraren Kontseilua sortzea proposatu dute, lehen sektorea berpizteko eta tokiko kontsumoa sustatzeko.

  • Tokiko entitateak

Ondasun Higiezinen Zergan elizak dituen pribilejioak kentzeko proposamena egin zuten EH Bilduko batzarkideek, eta Hiri Birgaitzerako Plan Integralak sustatuko dituen foru-plana ere proposatuko dute, tokiko entitateekiko elkarlanean, herrigune bakoitzak dituen beharrak asetzeko: etxebizitza, merkataritza, aisialdia edota zerbitzu publikoak.