Albisteak

Zegonak Euskaltelen gaineko kontrola eskuratu du Jaurlaritza eta Kutxabanken arduragabekeriari esker

Legebiltzarra | 2019-04-09 13:18:00

EH Bilduk pasa den urtarrilean plazaratu zuen kezka errealitate bihurtu da gaur, Zegona inbertsio funts britainiarrak Euskaltelen akzioak erosi eta haren gaineko kontrola eskuratu duelako. Horren ondorioz, orain euskal enpresaren egoitza eta erabakiguneak Euskal Herrian mantentzea arriskuan dago, eta kontrol galera hori, Iker Casanovak ohartarazi duenez, “oso albiste txarra da euskal ekonomiarentzat”. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du Zegonarena aurreikusten zela eta, neurriak hartu izan balira, “ekidin genezaken operazioa” zela. “Ekiditeko ardura zeukaten eragileak Jaurlaritza eta Kutxabank ziren, baina euren inakzioa, euren borondaterik eza, erabakigarria izan da”, Zegonari operazioa burutzen utzi diotelako.

Euskaltel diru publikoarekin eta funtzio publiko bat betetzeko sortu zela gogorarazi du Casanovak eta horri jarraituz salatu du Lakua eta Kutxabanken “jarrera ulertezina” dela, “erantzukizun politikoak eskatzeko modukoa”, Euskaltelen gaineko kontrola Euskal Herrian mantentzeko lan egin beharrean, utzikeriaz eta arduragabekeriaz jokatu dutelako, inbertsio funts britainiarraren asmoak eragozteko neurri bat bera ere hartu gabe. Hori dela eta, EH Bilduk “erantzukizun politikoak eskatuko ditu, gertatu dena onartezina delako”. Izan ere, “Euskaltel enpresa estrategikoa da herri honentzat estrategikoa den sektore batean; beraz, “neurriak jarriko ditugu mahai gainean egoera hau bideratzeko eta Euskaltelek euskal enpresa bat izaten jarraitzeko”.

EH Bilduren iritziz, Euskaltelek bere izaerari eusteko eta haren gaineko kontrola Euskal Herrian mantendu ahal izateko, behar-beharrezkoa da Jaurlaritzak akzioak berriz erostea eta Kutxabankek konpainian jada duen parte-hartzea handitzea.