AKTUALITATEA

| 2019-11-05

Iñaki Ruiz de Pinedok bart gaueko eztabaida izan du hizpide EH Bilduk gaur goizean Gasteizen burutu duen ekitaldian. Bere iritziz, “debateak erakutsi zuen datorren igandeko hauteskundeetan Araban bi aukera baino ez daudela: EH Bildu edo Voxen bazkideak, neurri gogorrak, birzentralizazioa eta murrizketak proposatzen dituztenak edo arabarren eta euskal herritarren bizi baldintzak hobetzeko agenda demokratizatzailea proposatzen dugunok”. Hori dela eta, Ruiz de Pinedok “konfiantza EH Bildurengan jartzeko” eskatu die “Arabako demokrata eta aurrerakoi guztiei, gure herrialdean Voxeko bazkideak ordezkaritzarik gabe uzteko”, hori, edozeren gainetik, “demokrazia kontua” delako.
Arabako zerrendaburuak adierazi duenez, “debatean agerian geratu zen berriro Madrilgo alderdi handiak euskal herritarren errealitatetik erabat aldenduta daudela eta hemengo arazoak konpontzeko proposamenik ez dutela”. Izan ere, “beren etorkizuna erabaki nahi duten Euskal Herria eta Kataluniarentzat zeinek neurri gogorrenak proposatzeko lehiaketa baino ez zen izan debatea”.
Mikel Otero: “Trantsizio energetikoaren aldeko bozak”
Iñaki Ruiz de Pinedoren alboan, Mikel Otero legebiltzarkidea ere aritu da Gasteizko ekitaldian. Oterok azpimarratu du EH Bilduk frogatu duela “larrialdi klimatikoari aurre egiteko eta bidezko trantsizio energetikoa errazteko neurriak proposatzeko gaitasuna daukala, inor atzean utzi gabe”. “Eta Madrilen ere egingo dugu”, erantsi du. Horren ildotik, “konfiantza EH Bildurengan jartzeko” eskatu die “beren etorkizunarekin kezkatuta konponbide eske kalera ateratzen diren gazteei”, EH Bilduk bere egingo dituelako “haiek proposatzen dituzten larrialdi neurriak, horrela egiten ari baita gaitasuna duen lekuetan, Madrilen ere egingo duen bezalaxe”. Oteroren hitzetan, “horregatik da garrantzitsua ezker subiranista indartsu eta erabakigarria izatea, klimaren balantza bidezko trantsizio ekologikora bideratu ahal izateko. Gure esku badago, balantza planetaren eta bere etorkizunaren aldera joango da, eta ez suntsiketa baino ekartzen ez duten negozio ilunetara”.
Trantsizio energetikoaz hitz egitean, alderdi batzuek gauza bat esan baina gero beste bat egiten dutela salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Klima defendatzen dutela esan, baina ez dute askorik egiten; guk, aldiz, egiten dugu. Herriz herri proposatzen ditugu alternatiba energetiko berriztagarriak, bideragarriak, errealitatera egokituak, konponbide deszentralizatuak erraztuz eta gure ingurua zainduz. Kalean ere egiten dugu, gazteekin batera, mugimendu ekologistarekin batera, kutsagarriak diren azpiegiturei eta errauskailuak bezalako proiektu erraldoi zentzugabeei gure kontrakotasuna azalduz”.
Horri jarraituz, Oterok bermatu du EH Bildu ez dela makurtzen enpresa handien eta haien negozioen aurrean, ekonomia zirkularraren eta hondakinen kudeaketa arduratsuaren aldeko konpromisoa adierazi du, %100ean berriztagarria den eredu energetikorako bidea atzeratzen duten gas fosilean oinarritutako fracking eta proiektu zentzugabeen kontra azaldu da, eta ziurtatu du koalizioak ez duela onartuko “Garoña hilerri nuklearra bihurtzea, PSOEk nahi duen moduan eta EAJk onartzen duen moduan”.