Albisteak

Otegi: “EH Bildu da boto erabilgarria burujabetzan sakontzeko eta horrela jendearen bizi baldintzak hobetzeko”


Arnaldo Otegiren irudiko, “igandean hautatu beharko da EAJ buru duen bloke kontserbadorearen eta EH Bildu buru duen bloke aurrerakoiaren artean”.

EH Bildu | 2019-05-20 19:30:00

“EH Bildu da boto erabilgarria burujabetzan sakontzeko eta, modu horretan, jendearen bizi baldintzak hobetzeko”, azpimarratu du Arnaldo Otegik gaur arratsaldean Markinan, Bea Ilardia ahaldungai nagusiarekin batera. Azaldu duenez, egungo koiuntura politikoan bi bloke nagusi gailentzen ari dira. “Batetik, bloke kontserbadorea, EAJ buru, daukagu, xede bakarra duena, nola edo hala botereari eustea, hain zuzen ere; bestetik, bloke aurrerakoia agertzen da, EH Bildu buru duena, jendea eta haren lehentasunak defendatu, babestu eta zaindu egiten dituena”.

EH Bilduko koordinatzaile nagusia kezkatuta agertu da EAJ egiten ari den kanpainaren tonuarekin. Izan ere, “egunero gezurretan ibiltzen ari dira, guri erasotzeko eta iraintzeko, Casado eta Riveraren estilo bera erabilita; haien lekukoa hartu dutela dirudi”. Dena den, Otegiren aburuz, hori ez da kasualitatea, baizik eta estrategia zehatz bati erantzuten dio. “Azken batean, EAJ, PP eta C’s boto poltsa berean ari dira arrantzan, boto kontserbadore eta unionistaren bila; horregatik egiten digute eraso egunero”.

Hori, hala ere, kezkagarria iruditzen zaio EH Bilduko buruzagiari, “ezinezkoa delako hauteskundeetan boto autonomistekin loditzea eta horren ostean testu eta akordio subiranistak egitea; hori bateraezina da”. Hori dela eta, erantsi du, “kezkatuta gaude logikak dioelako EAJk, autogobernuari dagokionez, ez duela aliantza abertzale eta aurrerakoi baten aldeko apustu egingo”, orain erakusten ari den jarrerak ez daramalako EH Bildurekiko akordio bat egitera termino subiranistetan.

Horren haritik, Gasteizko Legebiltzarreko autogobernu ponentzia egiten ari den lana gogorarazi eta kezka adierazi du adituen batzordea ez delako aurrerapausoak ematen ari. Edonola ere, ziurtatu du EH Bilduk “denboran eta forman” beteko duela Parlamentuaren agindua, bere iritziz berebiziko garrantzia duelako Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak estatus politiko berria edukitzeak. “Ezin dugu aukera galdu, burujabetzan sakontzeko tresnak behar ditugu bestelako politika publikoak egin ahal izateko eta euskal herritarren bizi baldintzak hobetzeko”.

Beraz, ondorioztatu du, datorren igandeko hauteskundeetan “EH Bildu da boto erabilgarria”, eta ohartarazi du “jokoan dagoena herri gisa dagokigun burujabetza dela”. Horregatik, “EH Bildu da boto erabilgarria burujabetzan sakontzeko eta jendearen bizi baldintzak hobetzeko; ezker independentista norabide horretan aurrera egitea bermatzen duen bakarra da, gainerako alderdiak kezkatuago daudelako euren emaitza elektoralekin jendearen borondateari erantzutearekin baino”.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, “proiektu aurrerakoiak aurrera egingo du ezker independentista Bizkaian eta metropolian indartsua baldin bada soilik; horixe da gure erronka Bizkaian lehenengo fase honetan, ordezkaritza maila handitzea eta EH Bildu alternatiba gisa kontsolidatzea”.

Amaitzeko, Otegik dei zuzena egin dio EAJri: “Gure botoekin eskuin espainolek ez dute boterea lortuko ez udaletxeetan ez aldundietan; EH Bilduk uko egiten dio alkatetzak edota diputazioak lortzeari horretarako eskuin espainolen bozak behar badira, baina EAJk ez dio oraindik erantzun azken egunotan egiten ari gatzaizkion galderari: EAJ prest dago Gasteizen, edo beste herriren batean, alkatetza lortzeko PPren botoei esker?”.

Bea Ilardia: “EH Bilduk gobernatzen duenean jendearen bizitzak hobera egiten du”

Arnaldo Otegik bezala, Bea Ilardia ahaldungai nagusiak ere ohartarazi du igandean jokoan egongo dela “nola nahi dugun Bizkaia gobernatzea”. Zentzu horretan, nabarmendu du “EH Bilduk gobernatzen duen tokietan jendearen bizitzak hobera egiten duela, EH Bilduk herritarrekin batera gobernatzen duelako, gardentasunez, hurbiltasunez eta jendearen parte-hartzea sustatuz, horrela bakarrik lortzen baita jendearen bizitza hobetzea”.