AKTUALITATEA

| 2020-02-25

EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek adostutako erdibideko emendakinari EAJk jarritako betoak gutxieneko pentsioak igotzeko akordioa galarazi du Diputatuen Kongresuan, ordezkaritza daukaten taldeen gehiengoa egitasmoaren alde egon arren.

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak ulertezintzat jo du pentsiodunen eskubideak eta bizi baldintzak duintzeko proposamenaren aurrean EAJk erakutsitako jarrera oztopatzailea. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren eskari eta aldarrikapenei uko egitea egotzi dio koalizio abertzaleak EAJri. "Aukera garrantzitsua galdu dugu pentsiodun guztien defentsa pauso historikoa ematekoa. Ez dugu ulertzen mugarri bat ezar lezakeen akordio transbertsal baten aurrean EAJk gutxieneko pentsioak duintzeko proposamenaren aurka egitea alderdi interesak herritarren interesen gainetik lehenetsita. Atzeratu ezin den aldarrikapen bat da", salatu dute.

EH Bildu, PSOE eta Unidas Podemosek adostutako zuzenketak gutxieneko pentsioak Europako Gutun Sozialaren arabera igotzeko neurriak jasotzen zituen, pentsiodunen mugimenduak eskatzen duen bezala. Emendakinak, gainera, pentsioen erreforma eta murrizketa guztiak bertan behera uztea zekarren. Zuzenketaren arabera, Espainiako Gobernuak "konpromiso zehatza" adierazten zuen Gizarte Segurantzari lotutako eskumen guztiak euskal erakundeetara eskualdatzeko.

Euskal Herriko indar subiranistari kezkagarria iruditzen zaio EAJk aukera historiko hau probestu ez izana. Interes propioak pentsiodunen beharren gainetik jartzea deitoratu du koalizio abertzaleak. EH Bilduk berretsi du pentsiodunen eskariak erakunde guztietara eramaten jarraituko duela aurreratzean, eta herritarren interesak lehenetsiko dituela haien aldarrikapen eta beharrak ahalik eta lasterren praktika eraman ahal izateko.