Albisteak

Ilardiak industriaren desagerpenaz ohartarazi eta Bizkaia orekatu eta kohesionatu baten aldeko apustu egin du

Ahaldun nagusigaiak oreka nahi du “herritarren artean, eskualdeen artean eta aberastasunaren banaketan” eta salatu du azken urteotan Aldundia kontrako norabidean aritu dela eskualde batzuen kalterako, Busturialdea kasu.

EH Bildu | 2019-05-17 16:25:00

Bea Ilardia EH Bilduren ahaldungai nagusia Bermeon izan da gaur goizean, Busturialdean, eskualde hori azken urteotan Bizkaiko Foru Aldundiak egin duen politikaren “adibide paradigmatikoa” delako. Izan ere, “Busturialdean industria desagertzen joan da hirugarren sektorearen mesedetan, zerbitzuen mesedetan, eta gabeziak larriak dira garraio publikoari eta errepideei dagokienez”. Ilardiak salatu duenez, Aldundiak ez ditu eskualde guztiak aintzat hartu eta haien arteko aldeak areagotu ditu. Hala, “eskualde batzuetan bizitzeak zerbitzu okerragoak eta bizitza maila eskasagoa izatera kondenatzen ditu bertan bizi direnak”.

EH Bilduko hautagaiak, berriz, argi du “Bizkaia kohesionatu bat beharrezkoa dela jendearen ongizatea eta beharrizanak eskualde guztietan bermatzeko” eta, beraz, “Bizkaia orekatua lortzea” du helburu datorren legealdirako. “Behetik gora eraikitako Bizkaia nahi dugu, herritarrak eta haien beharrak kontuan hartzen dituena eta inor bazterrean uzten ez duena. Oreka behar dugu herritarren artean, eskualdeen artean eta aberastasunaren banaketan”.

Idurre Bideguren: Kudeaketa hurbila eta gardena
Bea Ilardiak ez ezik, Idurre Bideguren alkateak –Senatuan arituko da datozen lau urteotan– eta Bittor Asteinza alkategaiak ere parte hartu dute Bermeoko ekitaldian. Bidegurenek EH Bilduren kudeaketa eredua goraipatu du, “hurbiltasunean eta gardentasunean oinarritutako eredua” delako. Adierazi duenez, EH Bilduk hala gobernatu du Bermeo azken zortzi urteotan, “argi dugulako hori dela kudeaketa arrakastatsuaren formula”.

Bertako Udalean eginiko lana Europan ere aitortu eta saritu dutela gogora ekarri ostean, alkateak azaldu du hilaren 26ko hauteskundeetan herritarrek bi eredu ezberdinen artean aukeratu beharko dutela. Batetik, “gardentasuna oinarri daukan politika”; bestetik, “bete gabe geratzen diren promesetatik harago ez doan politika”.