AKTUALITATEA

| 2020-02-27

Aurrekontuen egonkortasunerako Diputatuen Kongresuan gaur egin den bozketan abstentziora jo dute Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioko bost diputatuek, Espainiako Gobernuak superabita daukaten udalek politika sozialetan eta zerbitzu publikoen hobekuntzan inbertsioak egin ahal izateko konpromisoa esplizitua hartu ondoren. EH Bilduk hala eskatuta hartu du konpromiso hori Gobernuak.

Gastu muga malgutzeko eta udalei inbertsio sozialak egitea ahalbidetzeko PSOEk eta EH Bilduk Kongresuan egindako akordioaren berrespenaren ondoren, defizitaren ibilbidearean onarpena erraztu du ezker subiranistak. Hori da, hain justu, aurrekontuak onartzeko prozesua abiatzea ekarri duen urratsa. Gastu muga handitzea eta horren bidez Euskal Herriko udalen egunerokoa erraztea da EH Bilduk eta PSOEk lortutako akordioaren muina.

Akordioak daukan balio politikoa azpimarratu du, behin osoko bilkura bukatuta, Oskar Matute diputatuak. “Gastu muga handitu da, eta modu horretara, herritarrentzat ezinbestekoak diren zerbitzu sozialak hobetu ahal izango dira eta, aldi berean, zerbitzu publikoak indartuko dira”.

Ezker subiranistak erakutsitako “erantzukizuna eta ardura” nabarmendu ditu Matutek, herri interesak alderdiaren interesen aurretik jarri dituelako. “EH Bildu akordioetan dagoenean eta erabakigarria denean, herritarren bizi baldintzak nabarmen hobetzen dira eta euskal herritarren eskubideak zaintzen dira. Horixe egin dugu gaur, udalen mesedetan gastu mugaren malgutzea ahalbidetuz”, esan du.

Ezker subiranistak PSOErekin Kongresuan atzo izandako bilera gogoratu du Matutek. Gaur abian jarri den aurrekontuak onartzeko prozesuaren inguruan jarrerak, iritziak eta hausnarketak partekatu zituzten bi aldeek atzoko bileran. Bilkura giro onean eta errespetuzkoan egin zela nabarmendu du Oskar Matutek. Bilera horrek bi indar politikoen jarrerak hurbiltzeko eta bi talde parlamentarioen arteko harremanak sendotzeko balio izan zuen.