AKTUALITATEA

| 2020-07-20

Hauteskundeen ostean Maddalen Iriartek iragarri bezala, EH Bilduk bilera erronda hasiko du bihar hainbat eragile sozial eta politikorekin egoerari buruzko diagnostikoak kontrastatzeko eta une honetan behar diren erantzunak elkarrekin bilatu eta partekatzeko. Iriartek azaldu duenez, “krisi hirukoitz baten aurrean gaude, sanitarioa, ekonomikoa eta soziala, eta egoerak elkarlanean aritzea eskatzen du ezinbestean, krisialditik onik aterako bagara; EH Bilduk diagnostikoak partekatzeko eta erantzunak adosteko prestasun osoa du, betiere argi edukita irtenbidea ezkerretik etorriko dela, herri honetan nagusi garen indar aurrerakoien eskutik”.

Abiapuntu horretatik ekingo diote Maddalen Iriartek berak, Arnaldo Otegik eta Unai Urruzunok bilera erronda horri bihar bertan UGTk Bilbon duen egoitzan. Izan ere, aipatu sindikatuarekin izango da lehenengo bilera, Raul Arza idazkari nagusia buru izango duen ordezkaritza batekin, hain zuzen.

Hortik aurrera, EH Bilduren ordezkariak Podemos, ELA, LAB eta CCOOrekin ere batzartuko dira datozen egunotan, eta harremanetan daude PSErekin Idoia Mendiaren alderdiarekin ere diagnostikoak eta erantzunak kontrastatzeko.