Albisteak

EH Bilduk eta ERCk bilkura egin dute Bartzelonan

Espainiako Estatuan dagoen egoera politikoaren eta irekitzen diren eszenatokien inguruko irakurketa egin dute

EH Bildu | 2019-05-03 19:22:00

ERC eta EH Bilduko ordezkaritzek bilera egin dute, gaur arratsaldean, Bartzelonan. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak parte hartu dute bileran, eta haiekin batera izan dira Pere Aragones, Marta Vilalta, Lluis Salvado, Mertxe Aizpurua, Adolfo Araiz eta Garikoitz Mujika.

Hainbat gai aztertu dituzte gaurko bileran (Rovirak eta Otegik bideokonferentzia bidez parte hartu dute): lehenik eta behin, bi indar politikoek hauteskundeetan izan dituzten emaitzen irakurketa eta balorazioa egin dute eta lortu dituzten emaitza bikainengatik elkar zoriondu dira; bestalde, Espainiako Estatuan dagoen egoera politikoaren eta irekitzen diren eszenatokien inguruko irakurketa egin dute.

Zentzu horretan, elkarrizketarako, negoziaziorako eta esparru guztietan akordioak egiteko esparruak irekitzea errazteko dinamikak abian jartzeko asmoan berretsi dira ERC eta EH Bildu. Horien guztien azken helburua izango da Espainiako Estatuan dagoen defizit demokratiko larriak gainditzea.

Lurralde egituraketari eta plurinazionaltasunari, sistema ekonomiko eta sozialari eta autoritarismoak eragindako arazoei eragiten diote, batez ere, defizit horiek. Horrek guztiak, hain justu, eragin zuzena dauka Estatuan preso eta errefuxiatu politikoak egotearekin.

Kongresuan, Senatuan eta Europako Parlamentuan elkarrekin eta modu adostuan lanean aritzeko konpromisoa hartu dute ERCk eta EH Bilduk.

Era horretara, batzorde mistoak eratuko dituzte bi indar politikoek:

  • Estrategia politikorako batzordea, bi indar politikoek izango duen estrategia adostua eta bakarra lantzeaz arduratuko dena.
  • Batzorde teknikoa, arlo instituzionalean estrategia hori garatzeko helburua izango duena.

Amaitzeko, hurrengo egunetan bi indar politikoek modu bateratuan garatuko dituzten ekimen politiko zehatzak lantzen eta eztabaidatzen aritu dira gaurko bileran.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu. Informazio gehiago X Itxi