Albisteak

Egungo egoerak ezkerretik eta subiranismotik alternatiba bat eraikitzea eskatzen du, adierazi du Arnaldo Otegik


EH Bildu LAB sindikatuarekin bildu da herri gisa ditugun erronkak aztertzeko. Kontinuismoa eskaintzen dutenen aurrean, alternatiba aurrerakoi baten beharra aldarrikatu du Otegik.

EH Bildu | 2020-07-23 16:28:00

Hauteskundeen ostean eragile politiko eta sozialekin hasitako bilera errondaren baitan, EH Bildu LABekin batzartu da gaur goizean sindikatuaren egoitzan, Bilbon, koronabirusak murgildu gaituen krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko neurriak eta politikak kontrastatzeko. Maddalen Iriartek, Arnaldo Otegik eta Unai Urruzunok EH Bilduren aldetik eta Garbiñe Aranburuk, Edurne Larrañagak eta Dabid Lizarraldek LABen aldetik osatu dituzte bi aldeen ordezkaritzak. Bilerak diagnostiko partekatua egiteko aukera eman du, bai koalizioak, bai sindikatuak argi utzi baitute krisiaren ondorioak ez dituztela langileek ordaindu behar, zerga politika berria eta zerbitzu publiko indartsuak behar direla, bereziki osasungintzan eta zaintza sisteman, eta herri honek burujabetza behar duela, jendearen bizi-baldintzak hobetzeko tresnak eskuratu ahal izateko. EH Bilduk, hala, diagnostiko eta politika horiek instituzioetan zein kalean defendatzeko konpromisoa berretsi du.

Bileraren ostean, Arnaldo Otegik berretsi du egungo egoerak ezkerretik eta subiranismotik alternatiba bat osatzea eskatzen duela. “Krisi ekonomiko eta sozial baten aurrean gaude eta ezkerrak eta bloke subiranistak ardura berezia du krisi horri aurre egiteari begira. Gaur bertan enpresa handi batzuk ari dira kaleratzeak iragartzen, euren iritziz kostu laboralak direlako orain doitu behar direnak; guk, ordea, ikusten dugu eredu horrek patronalaren interesak baino ez dituela lehenesten, langileen interesen kontra. Beraz, datorkizuna ikusita, gauzak beste modu batean egin eta alternatiba bat eraiki behar dela uste dugun erakundeok gure arteko harremana sendotu behar dugu”.