AKTUALITATEA

| 2020-07-02

Arnaldo Otegik argi utzi du gaur arratsaldean Durangon zein izango den hilaren 12an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrok egin beharko dugun hautua. “Gure herriak dituen erronkei erantzuteko gai ez den gobernu baten eta arduraz jokatuko duen gobernu baten artean aukeratu beharko dugu”. Izan ere, EH Bilduko buruzagiaren aburuz, EAJ eta PSEk osatzen dutena etengabeko ukazioan ari den gobernua da: ez abertzale, ez sozialista; ez erabakitzeko eskubidea, ez politika sozial aurrerakoiak”.

Otegik ezinbestekotzat jo du aldaketa, Urkulluren Gobernuak erakutsi duelako ez dela “gai gure herriak aurrean dituen erronkei erantzuteko: aldaketa klimatikoari, trantsizio energetikoari, trantsizio digitalari, aberastasunaren birbanaketari edota zaintzen sistema publikoari”.

Agirre: “Boto bakar bat ere ez dena agindu baina ezer betetzen ez dutenei”

Jasone Agirrek ere hitza hartu du Durangoko ekitaldian, “hauteskunde garaiko promesak” hizpide, EH Bilduk ez bezala, beste alderdi batzuek gero betetzen ez dituztenak, alegia. “Atzo bertan –gogorarazi du–  EAJ eta PSOE erretrataturik geratu ziren Madrilen, gauza bat esaten dutelako baina gero kontrakoa egin, betetzeko gai ez diren gauzak agintzen dituzte”.

Hori dela eta, “botoa ematerakoan produktuaren bermea eskatzera” deitu du, bai eta “dena agindu baina ezer betetzeko gai ez direnei boto bakar bat ere ez emateko” eskatu ere. “Herri honek arlo nazionalean eta sozialean aurre egiteko bermea da EH Bildu, eta bermeak eskaintzen ditu”, hala nola PPren lan erreforma indargabetzeko, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko, bankuek 60.000 milioiko erreskate publikoa itzul dezaten… “Horregatik esan nahi diegu EAJ eta PSOEri: promesa gutxiago eta emaitza gehiago. Zin gutxiago egitea eta lan gehiago egitea. Ezkerreko boto subiranista bat bera ere ezin da galdu. Boto bat bera ere ez suberanistak eta ezkertiarrak ez direnentzat”.