AKTUALITATEA

| 2025-08-20

Kurtso politiko berriaren atarian, Pernando Barrena europarlamentaria elkarrizketatu dute Euskadi Irratian eta Europa jokatzen ari den paperaz galdetuta, kezkatuta agertu da Europak AEBekiko duen menpekotasun geopolitikoarekin. «Europak zoritxarrez ikuspegi okerra eta ahula mantentzen du mundu mailan duen presentzia eta eraginaren inguruan. Europaren autonomia estrategikoa bateraezina da Trumpen inperialismoarekin», adierazi du. Barrenaren ustetan, «Aliantza Atlantikoa, Europari inoiz egin zaion iruzurrik handienetakoa da. Europa ez da inoiz adiskide bat izango AEBentzat, haien mundu mailako lidergoa kolokan jartzen duen edozein potentzia saboteatzea dutelako helburu».

Europarlamentaria kritiko agertu da oso Palestinako genoziodioaren aurrean Europak izan duen jarrerarekin ere. «Palestinar herria, herri gisa desagertzeko zorian dago eta nazioarteko komunitateak erantzunkizun handia du, Israeli utzi zaiolako nahi duena egiten. Politika hiltzaileak eta garbiketa etnikoa egiten dituen estatu bat da Israel baina normaltasunez parte hartzen du instituzio guztietan». «Europar Batasuna, Palestinar genozidioaren konplize da», gehitu du.

Gasteizko kaleetan asiloa tramitatu zain dauden Maliko herritarren inguruan ere hitz egin du bozeramaileak. «Malitik datozen pertsona horiek gerra batetik ihesi datoz, zein diferentzia dago Mali eta Ukrainako pertsonen artean? Zergaitik ez Malikoei ere gizatasunez erantzun? Jarrera arrazistak gainditzen ez diren bitartean, asilo eskubidearen zentzu osoa zabortegira botatzen ariko gara», esan du Barrenak. 

Memoria arloari lotuta, Barrena pozik agertu da berriki Nafarroako Gobernuak, beste 20 herritarrekin batera, torturen biktima gisa aitortu izanagatik, «aitortzak balio dezala etorkizunean torturaren erabilerarik berriro ez gertatzeko, ez inon, ez inoren aurka». Halaber, Txiki eta Otaegiren inguruan Gogora Institutuko zuzendariak egindako adierazpenen ildotik, europarlamentariak gogora ekarri duenez, «Eusko Jaurlaritzak aitortutako biktimak dira Txiki eta Otaegi, heriotza zigorra eta inolako epaiketa justurik izan ez zutenak eta demokrazioaren bide guztiak itxita zeuden garaietan, frankismoaren aurkako borroka zilegia egin zutenak». «Faxismoaren aurrean, ezin gara ekidistantzian erori», argitu du.