AKTUALITATEA

| 2025-07-21

Nazio Batuen Erakundeak torturen inguruan egindako txostenaren inguruan agerraldia egin du, gaur goizean, Donostian, Arkaitz Rodriguez EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkariak.

Arkaitz Rodriguez:

NBEren txostena sekulako kolpea da Espainiako Estatuarentzat. Sekulako kolpea da Espainiako Estatuarentzat, azken batean, babestera datorrelako edo berrestera datorrelako ezkerreko independentismoak aspaldi luzean esan eta salatu izan duen hori. Txosten horrek nagusiki bi gauza esaten ditu.. Bata, tortura herri honetan, Euskal Herrian sistematikoa izan dela ontzat jotzen du. Berretsi egiten du herri honetan gutxien-gutxienik, 5.349 lagun izan direla torturatuak azken 60 urteetan. Eta, bigarrenik, tortura herri honetan erabat zigorgabea izan dela. Harrigarria iruditzen zaio 5.000tik gora tortura kasu horiek argitzeko Estatuan inbestigazio bakar bat ere martxan jarri ez izana.

Salatu nahi dugu herri honetako klase politikoaren, baita komunikabide gehien-gehienen ere, isiltasuna. Gure ustez, eskandalagarria da aipatzen ari naizenaren orduko txosten bat ezagutu eta lau-bost egunetara inork txintik ere esan ez izana.

Zergatik gelditzen dira isilik honako larritasuna duen gertaera berri baten aurrean? Bada, Isilik gelditzen dira, sinpleki eta gordinki, errealitate horretan, torturaren errealitatean erantzukizunak izan dituztelako. Onartezina da eta eskandalagarria da isilik gelditzea, azken batean, inpunitatea luzatzea inpunitatea iraunaraztea delako.

Tortura frankismoarekin apurtu ez zuen 78ko Erregimen horri berezko zaio. Horregatik, bai berau bai, azken batean, herri honetan oraindik ere indarrean den gatazka politikoa behingoz gainditzeak eskatzen du, hau da, 78ko erregimen hori behingoagatik gainditzea, frankismoarekin behingoagatik apurtzea eta Estatuaren sakoneko eta benetako demokratizazio bati bide ematea. Soilik horrela gainditu ahal izango da gatazka hori. Estatuak, zentzu honetan, behingoz, behingoz aitortu behar du bere izaera plurinazionala, eta behingoz aitortu behar du bere menpe dituen estatuen eskubide nazionalak.