Datozen orduetan, PKKren armagabetze-ekitaldia egingo dute Suleimaniya probintzian, Irak iparraldean. Kurdistango askapen mugimenduak joan den maiatzaren 12an publiko egin zuen desegite eta armagabetze iragarpena betearazteko antolatu dute ekitaldi hau.
Joan den maiatzean, Gorka Elejabarrieta EH Bilduko Harreman Politikoetarako idazkariak ongietorria eman zion eta txalotu egin zuen desegite eta armagabetze iragarpen hori, bake justu eta iraunkorra eraikitzeko ekarpen erabakigarria dela ziurtatuz. Elejabarrieta senatariak, gatazkaren konponbidean aurrera egiteko eragile ezberdinek egindako ahaleginak baloratu zituen gainera. Zentzu horretan, EH Bilduk Kurdistanen askatasunaren aldeko borroka babestu duela eta babesten jarraituko duela berretsi zuen.
Hori dela eta, euskal ezker subiranista eta independentista ordezkatuz, Igor Zulaika Abdullah Öcalanek berak historikotzat jo duen ekitaldira joango da.
Keinu honen bidez, EH Bilduk gertutasuna eta babesa adierazi nahi dio Öcalanek publiko egin duen “Gizarte demokratiko baten aldeko manifestuari”, eta bere askatasuna eta herri kurduak bakea, elkarrizketa eta negoziazioaren bidetik bere etorkizuna eraikitzeko duen eskubidea aldarrikatu nahi ditu beste behin.