Udalak Eli Ciordia zinegotziari 5.000 euroko isuna jarri diola jakinarazi du EH Bilduk prentsa-ohar batean. Zigortutako gertakariak, 2023ko txupinazoarekin lotutakoak, Probintzia Auzitegiak artxibatu zituen jada 2025eko martxoan. EH Bilduk zinegotziari babesa adierazi dio eta zigorra "bidegabea eta neurrigabea" dela adierazi du.
Koalizioaren ustez, "behin bide judiziala amaituta, zigor-administratiboak, UPNren egungo gobernu taldeak zigor ahalmena gehiegikeriaz erabiltzen duela erakusten du, eta UPNren egungo gobernu taldearen izaera autoritarioa argi uzten du".
Koalizioko udal taldeak gogorarazi duenez, espediente hau "ez da gertaera isolatu bat, gobernatzeko modu baten parte baizik, eta, legegintzaldi osoan zehar, elkarrizketarik eza eta akordioak lortzeko ezintasuna izan dira horren ezaugarri nagusiak". Ildo horretan, salatu du gobernu taldeak eta alkateak "behin eta berriz erantzun dietela desadostasunei eta herritarren mobilizazioei salaketen eta zigorren bidez".
"Lizarrak merezi du elkarrizketa eta adostasunen bilaketa bere gobernu-ekintzaren ardatz bihurtuko dituen udala. Legegintzaldi honetan balio horiei bizkarra ematea erabaki du gobernu taldeak ", adierazi dute koaliziotik.
Azkenik, EH Bilduk Lizarrako aniztasuna goraipatu du, eta "aniztasun hori eta ordezkatzen duten sinboloak adierazteko eskubidea" aldarrikatu du, "errepresaliei eta neurri zigortzaileei aurre egin behar izan gabe".