AKTUALITATEA


| 2026-09-17 23:15:00

EH Bilduk San Bartolome jaietan Asto Probak ospatzearen ondorioz sortutako gatazkari irtenbidea emateko proposamena landu du azken asteotan.

Era berean, bilera-sorta bat egin du proposamena auzoko elkarteei, animalien aurkako tratu txarren aurkako Leioa plataformari eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei aurkezteko.

Era berean, EH Bilduk zuzenketa aurkeztuko dio PSE eta Elkarrekin Podemos alderdiek aurkeztutako mozioari.

Leioako EH Bilduren proposamenaren helburua gatazka horri irtenbide demokratikoa, errespetuzkoa eta elkarrizketan oinarritua ematea da.

Egoeraren testuingurua

Leioako San Bartolome auzoan Asto Probak joan den mendeko 50eko hamarkadatik egiten dira, auzoko jaietako egitarauaren barruan. Euskal herri-kirolaren tradiziozko jarduera hau, astoekin harria arrastaka eramatea,  urtero egiten da.

Azken urteetan, ordea, jarduera horrek eztabaida soziala sortu du. Animalien erabileraren aurka dauden sektoreek proba horiek beste jarduera batzuekin ordezkatzea eskatzen dute. Horren ondorioz, proben aldeko eta aurkako iritziak aurrez aurre jarri dira, eta gatazka soziala areagotu da.

Azken urtean, “Leioa contra el maltrato animal” ekimenak sinadura-bilketa bat egin du, eta  3.000 herritarrek baino gehiagok babestu dute Asto Proben aurkako jarrera. Ekimenaren proposamena Leioako Udalaren Osoko Bilkurara eraman zen, baina ez zuen gehiengoaren babesa lortu.

Leioako EH Bilduren proposamenaren helburua gatazka horri irtenbide demokratikoa, errespetuzkoa eta elkarrizketan oinarritua ematea da.

Eskumenei buruzko ondorio nagusia

Proposamenak indarrean dagoen araudia aztertzen du eta ondorio nagusi batera iristen da:

Leioako Udalak ez du Asto Probak baimentzeko edo debekatzeko eskumen zuzenik.

Proba horien baimena eta arauketa, batez ere, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Euskal Joko eta Kirolen Federazioari dagozkie, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Horregatik, Udalak ezin ditu zuzenean debekatu, baldin eta eskumena duen administrazioak proba egiteko baimena eman badu. Hala ere, dokumentuak defendatzen du Udalak beste erabaki batzuk hartu ditzakeela, batez ere udal-finantzaketari eta dirulaguntzei dagokienez.

EH Bilduren proposamen nagusiak

1.- Sinadura-bilketa instituzio eskudunei helaraztea

Leioako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko lieke gutxi gorabehera 3.000 herritarrek Asto Proben aurka sinatu dutela.

Helburua da herritarren iritzia proba horiek arautzeko eskumena duten administrazioetara helaraztea, eta, beharrezkoa balitz, araudi- edo lege-aldaketak, sustatzea.

 

2.- Udal Ordenantza aldatzea

Leioako animalien babesari buruzko Ordenantza aldatzea proposatzen da.

Helburua da, nahiz eta herri-kirol horiek Udalaren arautze-eskumenetik kanpo egon, Udalak horrelako jarduerak diruz ez laguntzeko aukera argi jasotzea.

 

3.- Asto eta Idi Probak udal-dirulaguntzetatik kanpo uztea

Leioako Udalak ez ditzala Asto Probak eta Idi Probak zuzenean edo zeharka diruz lagundu.

Udalaren finantzaketa jaietako gainerako jarduera eta ekitaldietara bideratuko litzateke.

Proposamenak ez du proben legezkotasuna zalantzan jartzen; bere planteamendua da jarduera horiek ez dutela behar adinako adostasun sozialik udal-finantzaketa jasotzeko. Proba horiek egiten jarraituz gero, haien finantzaketa antolatzaileen esku geratuko litzateke.

 

4.- Herri-kontsultak egiteko araudia aldatzea

Aldaketa nagusiak hauek lirateke:

Herri-kontsultak udalerri osoan ez ezik, auzo mailan ere egiteko aukera ematea.

Herritarren iritzia jasotzeko kontsultak egitea, nahiz eta gaia Udalaren eskumen zuzena ez izan.

Kontsulta horiek ez lirateke lotesleak izango, baina herritarren iritzia ezagutzeko balioko lukete.

Sinadura-bilketen eta kontsulten prozedura argiago eta seguruago arautzea.

Udalak informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak egitea, neutralitate eta objektibotasun irizpideekin.

Eztabaida publikoak, hausnarketa-epea eta boto-zenbaketa publikoa bermatzea.

5.- Elkarrizketarako eta adostasunetarako Aholku Kontseilua    sortzea

San Bartolomeko Asto Proben inguruko Aholku Kontseilu edo elkarrizketa-gune bat sortzea proposatzen da.

Foro horretan parte hartuko lukete:

Auzoko elkarteek.

Kultur eta jai arloko taldeek.

Animalien tratu txarraren aurkako ekimenek.

Udaleko talde politikoek.

Helburua da alde guztien arteko elkarrizketa, elkar-ulermena eta adostasuna sustatzea. Proposamenak behin betiko akordio bat edo, gutxienez, proben baldintzei buruzko adostasun partzialak lortzeko aukera planteatzen du.

 

6.- San Bartolome eta Peruri auzoetan herri-kontsulta egitea

Azken proposamena herri-kontsulta bat egitea da, araudia aldatu ondoren.

Herritarrei galdera hau egingo litzaieke:

«Ados al zaude San Bartolome auzoan animaliekin harria arrastatzeko probak egitearekin?»

Kontsulta egitearen helburua da San Bartolome auzoko herritarrek gaiari buruz duten iritzia zuzenean ezagutzea eta gatazkari irtenbide demokratikoagoa ematea