AKTUALITATEA


| 2026-10-11 10:14:00

Txorierriko eta Lamiakoko bizilagunek elkarretaratzea egin zuten aste honetan igogailuaren atarian matxura baten aurka protesta egiteko. Matxura horrek 8 hilabete baino gehiago iraun du.

Pertsonen mugikortasuna bermatzen duen zerbitzu batek 8 hilabete matxuratuta egotea justifikaezina da. Are gehiago mugikortasun arazoak dituzten adineko persona asko dituzten auzoetan.

Udalak autobus zerbitzu alternatibo bat jarri zuen martxan, baina matxura horren ondorioak pairatzen jarraitu dute, autobusak ez baitu igogailuak ematen zuen zerbitzu osoa ordezkatzen.

Egoera hau, EAJren eta PSEren eraginkortasun gutxiko kudeaketaren, prebentzio eta plangintza faltaren beste erakusgarri bat.

10 urte baino gehiago behar izan zituzten igogailua martxan jartzeko. 2009an esan  zuten eraikuntza berehalakoa izango zela, baina 2019ra arte ez zen martxan jarri, 2 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.

Igogailuak matxura asko izan zituen lehen urteetan (hau bezain larriak eta iraunkorrak izan ez zirenak), eta bizilagunen kexen eta EH Bilduko Udalari egindako interpelazioaren ondoren, agindu zuten mantentze-enpresa berriaren kontratazioan igogailuaren ordezko pieza guztiak izango zituela bermatuko zutela.

Orduan, hori agindu bazuten, zergatik egon gara 8 hilabetez igogailurik gabe? Haien arabera, ez zuten aurreikusi motorra hautsi zitekeenik... Eta beraien aurreikuspen ezak eta kudeaketa txarrak, 8 hilabeteko arazoak sortu ditu bizilagunentzat. Gainera, gardentasun faltarekin eta egia erdiekin: lehenengo arazoa Ormuz zen, gero motorra Alemanian bakarrik egin zitekeen...

Egoera honi gehitu behar zaio, igogailua martxan jarri ondoren, EAJk eta PSEk Lamiakorako eskailera zaharrak kentzea erabaki zutela. Auzokideen protesten ondoren, eta EH Bilduk etengabe eskatu ondoren, Iban Rodriguez alkateak konpromisoa hartu zuen eskailerak berreskuratzeko ikerketa bat kontratatuko zuela.

Uda aurretik antzinako eskailerak berreskuratzeko azterketa aurkeztu digute (bai, honetan ere 6 urte behar izan dituzte). Azterlanaren arabera, eskailera zaharrak berreskuratzeak milioi 1 euro inguruko kostua izango luke. Kostuaren arrazoia da eskaileraren egitura osoa berregin behar dela, eskailerak kalteak izan dituelako mendi-hegalean izan diren lur-irristatzeagatik. 
Azterlanean egiten den baieztapen honek kezkatzen gaitu; izan ere, Txorierriko bizilagun batzuk ere esan digute arrakala handiak agertu direla Txorierri eta Lamiako lotzen dituen hegalaren gainean dagoen errepidean.

Honek eskatzen du, gure ikuspuntutik, premiazko azterketa geologiko bat egitea, mendi-hegalaren egoera, izan ditzakeen mugimenduak eta etxebizitzetan izan ditzakeen ondorioak aztertzeko, eta balizko irristatze baten aurrean ondorio larriak saihesteko martxan jarri beharreko prebentzio-neurriak proposatzeko.

Udal gobernuari honako hau eskatzen diogu: 
 

  • Igogailuaren lehenbaileheneko konponketa, eta, beste matxura bat gertatuz gero, berehala konponduko dela bermatzea. Egoera haur berriro ez gertatzea.
  •  
  • Lamiako eta Txorierri auzoak lotzen dituen mendi-hegalak izan duen irristadura aztertuko duen azterlan geologikoa.
  •  
  • 2027rako aurrekontuetan Lamiakorako eskailera zaharrak berreskuratzeko behar den inbertsioa bideratzea. Proiektu honek aldapa edo eskailera mekanikoak izatea malda handieneko eremuetan.