AKTUALITATEA


| 2020-05-04 08:09:00

Azken hilabete hauetan krisi sakon batek astindu du mundua, eta Larraun bailaran  ere pairatzen ari gara. Osasun krisi honek bete-betean ireki ditu sistema kapitalista patriarkalak dituen mugak, gabeziak eta injustiziak. Osasun krisiarekin batera, agerikoa da krisi ekonomikoan ere bagaudela: langabezia nabarmen igo da, eta jarduera ekonomikoan ere arazo asko pilatu da: ostalariek ez dute jarduerarik, landa etxeak bezerorik gabe daude, hainbat denda itxita, lantegi batzuetan produkzioa jaitsi egin dute... Eta krisi soziala ere agerian gelditu da:  lanaren antolaketa bidegabea, zaintzan dauden hutsuneak, zerbitzu publikoen pribatizazioaren ondorioak... Eta hori gutxi balitz bezala, oraindik indarrean ditugu aurreko krisiaren ondorioak: soldata baxuak,  lan baldintza kaxkarrak, pentsio sistemaren xahuketa, etab.

EH Bilduren lehentasunak osasun publikoa eta herritarren ongizatea dira momentu honetan. Eta zinez kezkatuta gaude agertoki honetan. Baina uste dugu  gogor jotzen ari den krisi hau baliatu behar dugula herri hobe bat eraikitzeko, justizia sozialean eta elkartasunean oinarritutako dena. Bizitzaren zerbitzura egongo den ekonomia bat behar dugu. Lurraldearen eta komunitatearen beharrei erantzungo dien ekonomia, gertukoa, Larraunek dituen baliabideak ahalik eta egokiena aprobetxatuko dituena, Larraungo herri langilearen mesedetan izango dena eta gure inguruarekin oreka jarriko gaituena.

Horrexegatik, hurrengo aste-hilabeteetan buru-belarri jarriko gara bi lan ildo zehatzetan: egoera soziala eta tokiko ekonomia bultzatzeko perspektibarekin.  Zerbitzu publikoen egoera aztertu eta horiek hobetzeko bideak jarri behar ditugu, zaintza lanak duindu behar ditugu, egoera zaila pasatzen ari direnei laguntzeko neurriak hartu behar ditugu, krisiak kolpaturiko sektore ekonomikoen inguruko azterketa eginen dugu, kaltetuenak diren komertzio, turismo eta ostalariekin harremanetan jarriko gara eta erakundeetatik horiei laguntzeko moduak aztertuko ditugu.

Herritarrak babesteko, zaintzeko eta larrialdiak eragindako kalteak murrizteko konpromisoa hartzen dugu, baita etorkizunerako baldintza berriak sortzeko ere, inor bazterrean utzi gabe.

Bukatzeko, azpimarratu eta eskertu egin nahi dugu azken asteetan lanean aritu diren osasun eta larrialdi arloko langile guztien ahalegina, egiten ari diren lan handiagatik, bai eta zerbitzu ezberdinetan diharduten langile guztiena ere: zaintza-lanetan, garbiketa lanetan, elikadura-dendetan, farmazietan,... Honekin batera, ezin ahaztu elkartasun sareetan edo boluntario gisa diharduten bizilagunak. Bukatzeko besarkadari handiena eman nahi diegu krisi honen ondorioz gaizki pasatzen ari diren herritar guztiei. Zuekin gaude!