IRITZIAK

Hezkuntza, denon erronka

Nagore Lozano eta Mariam Bilbatua | 2025-10-16 17:10:00

2019an Durangoko Udal Eskola Kontseilua sortu genuenetik hainbat urrats eman dira Udala eta hezkuntza komunitatearen elkarlanari esker. Espazio horrek aukera eman digu herriko hezkuntza-arloaren erronkak identifikatu, elkarrekin proposamenak diseinatu eta elkarlanean irtenbideak martxan jartzeko. Identifikatutako erronkak handiak dira, hala nola, jaiotza tasaren jaitsiera,  aniztasunaren kudeaketa, euskararen erabilera bermatzea, lanbide heziketaren orientazioak edo eta nerabeen arteko tratu desegokiak.

EH Bildutik hasieratik bultzatu dugu prozesua, eta gure ekarpena etengabea izan da. Egindako lanari esker esan dezakegu Durango aitzindaria izan dela EAEko Hezkuntza Lege berriak Udalen esku uzten duen Udal Hezkuntza Kontseiluari ematen dizkion ardurak bereganatzen.

Bestalde, orain dela 6 urte Durango Herri Hezitzailea bihurtzeko Udal talde guztiek sinatu genuen konpromezuaren emaitza izan dira urte hauetan martxan jarri diren beste ekimenak, hala nola “Haurren Kontseilua”, “Gazte Foroa”, “Eskolara Bidea Elkarrekin” edo “Jolas Egunak auzoetan”.

Beste ekimen interesgarri bat Jolas librerako gunea izan da. Ume txikientzat neguan espazio babestu bat eskaintzea helburu zuen proiektu honek arrakasta handia izan zuen: familian eta beste umeekin jolasteko espazio seguru bat, herriaren erdigunean. Jolas librerako gunea  indartzeko apustua egiten dugu.

Ikusten denez, proiektu hauek ez dira ekimen isolatuak. Etengabeko lanketa eta begirada estrategikoa eskatzen dute. Hurrengo urteetan, egindako lanari heldu eta erronka berriei erantzun egokia eman nahi badiegu, Udalaren konpromisoa areagotzeko beharra ikusten dugu, bai aurrekontuak zehazterakoan eta baita Udal sailen arteko erantzukizuna partekatzeko eskatzen den koordinazioan ere.

EH Bildutik argi daukagu: hezkuntza denon ardura da, eta Udalaren konpromisoa eskatzen du. Gure konpromisoa berresten dugu: elkarlanean jarraitzeko prest gaude, norabide partekatu bat eraikitzeko, eta, behar denean, kritika eraikitzaileak egiteko ere bai.