AKTUALITATEA


| 2021-04-12 10:46:00

EH Bildu udal taldeak, espedientea kontsultatu eta BAM Magisteritza Eskola eraisteko lizentzia berehala emango dutela egiaztatu ostean, martxoaren 17an azalpenak eskatu zizkion gobernu taldeari. Ildo horretan, bihar, apirilaren 13an, Asier Abaunzak, Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak; Koldo Narbaizak, Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, eta Alfonso Gilek, Mugikortasun, Ingurumen, Hiri berroneratze eta Garapen Osasungarriko zinegotzi koordinatzaileak agerraldia eskainiko dute; izan ere, Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, gai horrek hirigintzaren eremua gainditzen du, Cervantes ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen hezkuntza-eremuari eta osasunari ere eragiten baitie. 

Fatuartek esan duenez, baimen hori ematerakoan Udal Gobernuak "beste behin ere, haurren osasunerako eskubidea ez dela bere lehentasuna” adierazten du, eta, “ordez, konstruktoraren, Gotzaitegiaren eta Mutualiaren interes pribatuak lehenesten dituela". 

"Aldiz, Cervantes ikastetxeko hezkuntza-komunitatea eta inguruko herritarrak babesik gabe agertu dira Udal Gobernuaren jarreragatik, ez baitu entzun eraisketa hori geldiarazteko eskaera, pandemiaren egungo testuinguruan dituen ondorioengatik", adierazi du.