AKTUALITATEA


| 2024-03-20 13:50:00

Begirada saiakera politikoa aurkeztu zuen Pello Otxandiano Kanpo EH Bilduko lehendakarigaiak egubakoitzean, martxoaren 15ean, Bergarako Olaso dorrean. Hitzordua aprobetxatuz, Debagoieneko alkateekin bildu ziren bera eta Nerea Kortajarena Ibañez EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua, bailarako erronkez jarduteko. Besteren artean, mugikortasun iraunkorra, herritarren partaidetzan oinarrituriko gobernantza, osasungintza eta Osakidetza indartzeko beharra, etxebizitza… izan zituzten berbagai. “Esangura handiko erronkak datoz. Horiei behar moduko erantzuna emateko, gobernantza eredu berrietara jauzi egin beharra dago, herritarren parte hartzerako bideak eskala zabalagoetara eroanez eta egungo zein etorkizuneko erronkei modu partekatuan erantzunez, gizarte eragileekin, eragile sozioekonomikoekin… lankidetzan. Bilerako jorragaien artean izan zen gobernantza eredu horretan sakontzen jarraitu behar hori”, azaldu dute EH Bildutik.

Mugikortasuna, osasungintza eta etxebizitza

Eta udaletik haragoko politikez ere egin zuten berba, “politika aurrerakoien” beharra erdigunean jarriz, eta udalez gaindiko eskumen diren gaietan, hala nola, mugikortasunean, osasungintzan edo etxebizitzan, instituzioen arteko elkar ekintzaren garrantzia azpimarratuz. Tartean, Debagoieneko autobus publikoa indartzeak duen “urgentzian” jarri zuten mira EH Bilduko ordezkariek, eta, diputazioaren eskumenekoa den aldetik, herritarrei “kalitatezko garraio sistema bat” eskaintzera bidean, prest agertu ziren harekin lankidetzan jarduteko. 

Ostera, eskualdeko osasun zerbitzu publikoa, eta, zehazki, Osakidetza, indartu beharra izan zuten berbagai. “Argi dagoena da azpiegitura berrien sorrerarekin ez dela aski. Estrategia integral bat behar da, proposamen zehatz bat. Horixe bera da EH Bilduk aste honetan aurkeztu duena. Bada, proposamen horretaz eta balizko neurriez ere jardun zuten bileran”, adierazi dute. Zehatz esanda, martxoaren 20an aurkeztu zuen EH Bilduk osasun arloko programa integrala Gasteizko Artiumeko auditorioan, “Osakidetza berriz zutik jartzeko”. Pello Otxandiano Kanpok eta Rebeka Ubera Aranzeta EH Bilduren Gipuzkoako zerrendakide debagoiendarrak izan zuten proposamena aurkeztearen ardura.  

Bukatzeko, Debagoieneko etxebizitzaren egoeraz hitz egin zuten Debagoieneko alkateek Otxandiano eta Kortajarenarekin. “Lehentasunen artean dago etxebizitzaren gaia. Etxebizitza eskubide bat izan dadin jarraituko du lanean EH Bilduk, batean eta bestean horretarako bitartekoak eskainiz”, adierazi dute.