AKTUALITATEA


| 2024-05-28 09:58:00

EH Bilduk migrazioaren auziari heldu dio gaur eta argi utzi du migratzea giza eskubidea dela eta, beraz, Dublingo ituna eta migrazioaren eta asiloaren egungo hitzarmena indargabetu egin behar direla. Horrela, EH Bilduk internazionalismoan eta elkartasunean oinarritutako Europa bultzatzeko konpromisoa hartu du, gerretatik eta miseriatik ihes egiten dutenei korridore humanitarioak irekiko dizkiena.

Migraziorako eta asilorako Europak onartu berri den ituna salatu du EH Bilduk, migrazio politiken "sekuritizazioa" sustatzen duelako, giza eskubideen babesaren kontura. "Europako mugetara iristea lortzen duten migratzaileen eta errefuxiatuen disuasioan, kontrolean eta itzuleran oinarritutako migrazio-sistema indartu da, haien bizitza, segurtasuna eta duintasuna arriskuan jarriz", laburbildu du Amancay Villalbak.

Eredu horren aurrean, EH Bilduk elkartasun eta erantzukizun partekatuaren printzipioetan oinarritutako erreforma eskatu du, arriskuak gutxituko dituen eta ihes egiteko bide seguruak bermatuko dituen erreforma. Hori dela eta, EH Bilduk Dublingo Ituna eta CEAS, Common European Asylum System, indargabetzearen aldeko apustua egin du.

"EH Bildun konpromiso argia dugu aniztasunarekin eta elkartasunarekin. Beti eskatu dugu harrotasunez Gasteiz harrera hiria dela, eta hori bera nahi dugu Europarako. Internazionalismoa eta elkartasuna bultzatuko dituen Europa batean sinesten dugu. Hori da gure konpromisoa Europako hauteskunde hauetan ", nabarmendu du Villalbak.