AKTUALITATEA


| 2024-04-15 09:45:00

EH Bilduren Eusko Legebiltzarrerako hautagai Mikel
Oterok nabarmendu du gaur alderdiak industria politika ekintzaile eredu berri
batekin duen konpromisoa. «Eredu berria lidergo publiko, proaktibo eta
konprometitu batekin, jasangarria, soziala eta aurreratua izango dena». Oterok
ohartarazi du industria arloan ez bada erreakzio bat ematen gainbeheran
erortzeko arriskua badagoela, «belaunaldi bateko epean». Etorkizuna eta
Arabaren industria bokazioa jokoan daude erreakzio horretan.
Euskal Herria Bilduren borondate argia da Eusko Jaurlaritzatik industria
politika berri bat lideratzea, industria ehun guztiaren eraldatze positiboa
ahalbidetzeko, eta hurrengo helburuak gauzatzeko: herrialdearekin duten
sustraitzea eta konpromisoa handitzea, balio erantsi handiko jarduerak bilatzea,
eta ardura soziala handitzea, lan eta soldata baldintza duinekin, nahiz
jasangarriak izatea ingurumen ikuspuntu batetik.
Bestalde, Gorka Ortiz de Ginea hautagaiak Sprilur elkartearen sakoneko
berregituratze bat proposatu du, enpresei espazio erakargarriak eskura jartzeko
non ezarri, hazi eta garatu ahako diren enplegu gehiago eta hobeagoa
eskaintzeko. «Sprilur eraldatuko dugu, eta erabilerarik gabeko eta
degradatutako lurzorua eskuratzeko eta berreskuratzeko espezializatutako
erakunde publiko bihurtuko da, horrelako lurzoruak deskontaminatzea,
berreskuratzea eta jarduera berrietarako erabiltzea sustatzeko. Tresna horrek,
besteak beste, ahalbidetuko digu Gasteizko iparraldeko industriaguneetan
dauden 400 hektarea lurzoruren modernizatzeari eta birgaitzeari heltzea, eta
Aretako zonaldearen biziberritzeari ekitea, Aiaraldean».
Arabako hiriburuari dagokionez, proposamena abiatuko litzateke Betoñu
herriaren hegoaldera dagoen industriagunearen sakoneko erreforma batekin,
polo bioteknologiko eta farmazeutiko bilakatzea bultzatuz. Aretan, berriz,
helburua litzateke Enplegua sortzea, industria espazioak berreskuratzea eta
aisialdi nahiz etxebizitza eskaintza areagotzea.