AKTUALITATEA


| 2024-05-10 09:57:00

Guardiako institutua egokitzeko inbertsioei ekitea ere eskatu dute, datozen urteetan hezkuntza-maila desberdinak har ditzan

Araba. 2024-05-10 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak mozio bat erregistratu du gaur Batzar Nagusietan, eskatzeko Guardiako institutuan ardogintza eta oliogintzako erdi mailako zikloa eskaintzea, joan den apirilean Diputazioak iragarritakoaren ildotik, baita goi mailako graduak ere etorkizunari begira.  

Arabako Errioxaren egoerari erreparatuta, EH Bilduk adierazi du «egoera sozioekonomikoki kontraesankorra» bizi duela; izan ere, bertako herritarren arteko desoreka nabarmena dago. Ildo horretan, zerbitzuen falta argudiatu du EH Bilduk egoera horren adierazle gisa, eta hezkuntzari erreparatu dio, bereziki: «Hezkuntza-zerbitzuei bagagozkie, Arabako Errioxak, beste zentro batzuez gain, institutu publiko bat du Guardian. Institutu horrek erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketaren erdigunea izan beharko luke Kuadrillarentzat, baita upeltegietan lan egiteko prestatuta dauden pertsonak ateratzeko hazitegia ere».

«Apirileko lehen astean iragarri ziren institutuak 2024-25 ikasturtean ezarriko zituen graduak eta, horren arabera, datorren ikasturtetik aurrera Guardiako institutuak erdi mailako ardogintza eta oliogintza gradu ikasketa berriak eskainiko zituen, baita goi mailako ikasketak 2025etik aurrera ere. Zoritxarrez, hilabete eskas geroago, ikusi dugu eskaintza hori ez zela egiazkoa, ikasketa horietarako eskaintzarik egongo ez delako», esan du EH Bilduk.

EH Bilduk uste du hezkuntza-eskaintza Kuadrillatik bertatik bermatu behar zaiela belaunaldi berriei, eta azken finean, hezkuntza publiko eta sektorialerako sarbidea bermatuta geratu behar da Arabako Errioxan bertan. «Argi dago eskualde honek munduari begiratzen diola, eta munduko mahastizaintza- eta ardogintza-erreferentea dela; beraz, belaunaldi arteko erreleboa bultzatzeko apustuak benetakoa eta eraginkorra izan behar du, baina arazoak gero eta handiagoak dira Arabako Errioxan jaio, hazi eta bizitza profesionala bertan egiten geratu nahi dutenentzat».

Hala, mozioan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen diote Guardiako institutuan 2024-25 ikasturterako erdi mailako ardogintza eta oliogintza gradu ezarri eta eskaini dezala, baita hurrengo urteetarako goi mailara zabaldu ere. Foru Aldundiari ere eskatu diote Jaurlaritzarekin batera lan egin  dezala, ikasketa horiek ahalik eta azkarren abiatzeko.

Halaber, Hezkuntza Sailari eskatzen diote premiaz garatu dezala 537/2009 Dekretua, mahastizaintzako eta ardogintzako goi-mailako teknikariaren prestakuntza-beharrak eta baldintzak ezartze aldera eta egin beharreko inbertsioei ekin diezaiela Guardiako institutua egokitzeko, datozen urteetan hezkuntza-maila desberdinak har ditzan.