AKTUALITATEA


| 2024-05-06 07:48:00

Estarrona eta Gereñako Administrazio Batzarrekin akordio bat lortzea eragotzi duen klausula baldintzatzailea ezabatzeko eskatu diote Foru Aldundiari, lursail horiek nekazaritza-erabilera izaten jarrai dezaten akordio bat sinatzeko

Araba. 2024-05-06 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bat adostu du gaur EAJrekin eta PSErekin, Gereñako eta Estarronako biztanleek etorkizuneko VIAPeko lurzati emankorrak erabil ditzaten eskatzeko Aldundiari. EH Bilduren eta Gobernuko alderdien artean adostutako mozioa aurrera atera da EH Bildu, EAJ, PSE eta PP taldeen aldeko bozkekin eta Elkarrekin Araba taldearen abstentzioarekin.

Hala, Arabako Batzar Nagusietako Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntza Batzordean gaur onartutako mozioan, taldeek Aldundiari eskatzen diote bitartekari izan dadila SPILURen eta Estarrona eta Gereñako Administrazio Batzarren arteko negoziazio-prozeduran, lurzati horiek landuta mantentzeko, VIAP proiektua gauzatzen ez den bitartean.

EH Bilduk azaldu duenez, gaur egun lursail horien jabea SPRILUR da, eta, laborantzarekin jarraitzeko asmoarekin, negoziazio-prozesu bat ireki zen, Araba Garapen Agentziaren eta Estarrona eta Gereñako Administrazio Batzarren artean, baina herri horiek uko egin zioten akordioa sinatzeari, SPRILURek ezarri nahi izan zuen klausula baldintzatzaile batengatik. Klausula horren bidez, Eusko Jaurlaritzari lotutako sozietateak nahi zuen Administrazio Batzar horiek uko egitea VIAPen garapenarekin lotutako neurriak errekurritzeari, beren eskubideentzat kaltegarritzat jotzen zituztenak.

Onartutako mozioan, Batzar Nagusiek SPRILURi eskatu diote Estarrona eta Gereñarekin akordio bat lortzea eragotzi duen klausula baldintzatzaile hori ezabatzeko eta, horrela, lursail horiek nekazaritza-erabilera izaten jarrai dezaten akordio bat sinatzeko.

Azkenik, mozioak erakusten du Arabako Batzar Nagusiek babesa ematen diotela VIAP proiektua garatzeari, lurraldearen dibertsifikazio ekonomiko eta industriala bultzatzeko.