EH Bilduk bere konpromiso antifaxista berretsi du gaur Askuren mendian, 1937an Araban izandako azken gudu handiaren eszenatokian. Gaur egun ere ikus daitezke lubakiak, babeslekuak, metrailadore-habiak, tiratzaile-putzuak eta bunkerrak, hamarkadetan ahaztuta egon zen defentsa-arkua, hain zuzen. 2016an induskatzen eta berreskuratzen hasi ziren. Ordutik egindako lau prospekzio-kanpainei esker, lau bunker, babesleku, ehun metro lubaki baino gehiago eta milaka bala eta objektu pertsonal azaleratu dira.
Askuren mendiaren tontorrean, Iñaki Ruiz de Pinedo Madrilgo Kongresuko EH Bilduko diputatuak gogorarazi du 1936an, Euskal Herrian, pertsona askok borrokatu zutela askatasunaren, demokraziaren eta Errepublikak ordezkatzen zituen balioen defentsan. Manuel Mogrovejo jarri du adibide. Milizianozko txapa Askuren mendiko indusketetan aurkitu zuten. Han borrokatu zuen eta gero Frantziako Estatura ihes egin zuen. Han atxilotu zuten nazien okupazioan, eta Mauthasengo kontzentrazio-esparrura eraman zuten. Bizirik ihes egitea lortu zuen.
"Guk ez dugu ahazten, eta oroimenak balio digu ozen esateko gaur egun ere antifaxistak garela. Faxismoa ez delako inoiz hain indartsu egon 1945etik. Eskuin muturrak aurrera egiten du Europan, eta gure konpromisoa, antifaxista gisa, zutitzea da, aurre egitea. Horrela egingo dugu datorren ekainaren 9an ", gogorarazi du Ruiz de Pinedok. Era berean, Manuel Azcona gogora ekarri du, 36an Arabako Aldundian diputatua izandakoa Amurriotik. Bere gorpuzkiak atzo identifikatu zituzten.
EH Bilduk Askuren mendiaren tontorrean egin du ekitaldia, Lezamatik eta Uzkianotik abiatu den mendi martxa baten ostean. "Orain, gerrako danborrak jotzen ari direnean, Askuren mendia defendatu zutenak gogoratu nahi ditugu, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu zutenak eta Otxandioko, Gernikako eta Durangoko bilobak garela aldarrikatu nahi dugu. Horregatik, ekainaren 9an, pertsona horiek guztiak gogoan ditugula, EH Bilduren boto-papera hartuko dugu, gerraren aurrean bakea aldarrikatzen duen herria garela eta orain eta beti antifaxistak izango garela erakusteko ", gaineratu du.