Ultraeskuinak Europan izan duen gorakadak izan ditzakeen atzerapauso demokratikoen aurrean, EH Bilduk politika antifaxistak aldarrikatu ditu gaur arratsaldean Legution egin duen ekitaldian. Gerra Zibileko gertaeren aztarnak ikusgai dauden Albertia mendia ondoan zuela, honakoa esan du Europar Parlamenturako zerrendakide den Aitziber Salazarrek faxismoak Araban eragindako biktimak gogoratu eta faxismoaren aurrean emandako herri erantzuna goraipatu ditu: «Albertia gure memorian dago eta memoria gune hori egungo errealitateari berriro ere aurre egiten dion lekua izan behar da. Izan ere, gaur egun, Europan, ultraeskuinadarren gerra-hotsak gero eta ozenago entzuten ari dira, duela 90 urte estatu-kolpe faxista eragin zuten horienak baino gehiago, hain zuzen».
Zentzu horretan, Salazarrek EH Bilduk egiten duen antifaxismoaren aldeko hautua aldarrikatu du ere: «Gaur, Europan eta hemendik, ultraeskuinari galga jarri behar zaio. EH Bilduren botoak faxismoa geldiarazteko eta gure herriaren eraikuntza nazional eta sozialerako bermea direlako».
Horrekin batera, Eva Lopez de Arroyabek, Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozermaileak, Arabako herri klaseak balorean jarri ditu: «Arabak erakutsi du aldaketa politiko eta soziala posible, desiragarri eta beharrezkoa dela. Eta erakutsi dugu ziklo aldaketa hemen dela dagoeneko. Hemen eta orain herri klaseen behar eta aldarrikapenen defentsa egin behar delako. Gure eskubideak defendatzea gure belaunaldien etorkizuna defendatzea delako».