AKTUALITATEA


| 2024-02-05 15:31:00

Urtarrilaren 15ean, Mugikortasun Diputatuak, Azahara Dominguezek, Oarsoaldeko eta Bidasoako alkateei eskualdea eta Donostiaren arteko loturak zehazten dituen proiektu aldatua aurkeztu zien, GFAk 2022ko ekainean lizitazio prozesua martxan jarri eta 2023ko azaroaren 28an, akats teknikoak medio, bertan behera utzi ostean. Proiektu aldatu horrek ez ditu herritarren beharrek kontuan izan, eta ondorioz, EH Bilduko alkateek eta ordezkariek bat egin dute zerbitzua hobetzeko eta herritarren beharrak asetzeko eskatzeko.

 

EAJk eta PSEk proiektuan egindako aldaketak direla eta, EH Bilduko Oarsoaldeko eta Bidasoako alkate eta ordezkariak agerraldia egin dute, honakoa adierazi dute:

 

Trantsizio energetiko eta ekologikoaren garaian gaudela kontutan izanda, EH Bilduren lehentasuneko bat garraio publikoa bultzatzea da. Lehendik dauden zerbitzuei hobekuntzak egin behar zaizkie, beraz, lizitazio berri batean zerbitzuak eta lineak murriztea guztiz kontraesankorra da.

 

Oskar Bordes batzarkidearen esanetan, hobekuntzetarako lehentasunetako bat Oarsoaldeko eta Bidasoako udalerriak eta bertan dauden industriaguneak lotzea da. Astegunetan industriaguneetara joan ohi da trafiko gehien, eta EH Bilduk garbi du hori saihesteko industriaguneak eta herriguneak ondo lotu behar direla. Herriguneak eta ospitale guneak ondo lotuta egotea ere ezinbestekoa da. Adibide gisa, “ulergaitza da ospitalera doan Errenteriako zenbait auzotako bizilagunei zerbitzua ematen dien linea bat kentzea (E15)”, dio Bordesek.

 

EH Bilduren ustez, hamar urterako egin behar den lizitazioak bestelako anbizio bat izan behar du. “Bizi dugun garaiak, inertzia dekadente bat baino, etorkizunari begirako neurri anbiziotsuak eskatzen ditu. Orain da zerbitzu honek epe ertainera eta luzera zein helburu bete behar dituen eta horretarako zein plangintza beharko lukeen zehazteko unea”, adierazi du Garoa Lekuona Hondarribiako alkate ordeak. Proiektu honek gaur egun, 5 urtera eta 10 urtera egongo diren beharrak aurreikusi behar ditu, eta, zenbait kasutan, ez die behar horiei erantzuten.Garraio publikoan aplikatu diren deskontuek ezinbestean eskaintza indartzearekin lotuta joan behar dute. Jakin badakigulako herritarrei aukerak ematen bazaizkie, herritarrek positiboki erantzuten dutela”, gehitu du Lekuonak.

 

Proiektu aldatu hau lantzeko, EAJk eta PSEk ez dute elkarlanerako aukerarik eskaini, ez dute ez herritarrekin ez udalekin partekatu, eta ez da alegazioetarako edo ekarpenetarako tarterik egon. Gainera, EH Bilduko Oarsoaldeko eta Bidasoako alkateek eta zinegotziek salatu dute EAJk eta PSEk demostratu duten kudeaketarako gaitasun eskasaren ondorioz, aurreikusten zena baino ia urte bete gehiago luzatuko dela prozesu hau guztia. Aurrean ditugun erronkek lan egiteko modu berriak eskatzen dituzte. Kooperatiboak eta

 

kolaboratiboagoak. Eta hori eguneroko ekintzen bidez egin behar da posible. Horregatik, EH Bilduko ordezkariak prest daude aldundiko ordezkariekin elkartu eta elkarrekin herritarren premiei eta mugikortasun jasangarriago baterantz egin behar den bideari erantzungo dion proiektu anbiziotsu bat elkarrekin adosteko.