AKTUALITATEA


| 2024-04-25 15:25:00

Kultura sustatzeko zerga-pizgarriak eguneratu eta zabaltzen dituen Foru Arau proiektua onartu da, gaur, Batzar Nagusietako Ogasun batzordean. Maiatzeko osoko bilkuran, Batzar nagusiek berretsi beharko dute.

Jokin Perona diputatuak foru-arau proiektuaren berri eman ostean, talde guztiek euren ekarpenak egin eta bozkatu dituzte batzordean. EH Bilduren batzarkide Zelai Amenabarrok adierazi bezala, taldeak begi onez ikusten du pizgarri hori eguneratzea, bai ikus-entzunezkoetan, bai arte eszenikoetan, baita liburuetan ere. “Eguneraketa behar-beharrezkoa da, are gehiago, ikus-entzunezkoen kasuan lurraldeen artean sortu den desorekaren ondoren”, gehitu du.

Izan ere, Bizkaiak 2022ko abenduan eguneratu zituen pizgarriak, bere kasara, eta horrek kolpe latza eragin dio Gipuzkoako sektoreari, ezegonkortasuna ekarriz. Amenabarroren hitzetan, 2023a beltza izan zen sektorearentzat, eta ulergaitza da egoera horretan nola ez den armonizazioaren alde egin. Arabarekin, ordea, elkarlanean aritu da EH Bildu, zuzenketak lantzeko garaian. Horrela, Gipuzkoan araua onartzen bada, aukera irekiko da Araban ere bide beretik jotzeko. “Espero dugu horrek Bizkaian ere eragina izatea luze gabe, hiru lurraldeen arteko desberdintasunak puskatu eta oreka bat lortzeko”, adierazi du.

Euskarazko ikus-entzunezkoen kasuan, kenkaria %70era artekoa izatea proposatu du aldundiak, eta Eusko Jaurlaritzak %30era igo du diru-laguntzetatik jaso dezaketen kopuruaren muga. “Albiste pozgarria da hori ere. Baina pizgarriak eta diru-laguntzak ez dira nahikoak; izan ere, estrategia nazional bat falta da zehaztuko duena egiten diren ekoizpen horiekin zer gertatuko den: non emango diren, nola banatuko diren, zein zirkuitutan eta abar. Hori litzateke kontuan izan beharreko marko orokorra”.

Ondorioz, EH Bilduk honako zuzenketak aurkeztu ditu, ondorengo helburuekin:

  1. Jatorrizko bertsio bakarra euskara hutsean duten obren kasuan, portzentajea % 80 izatea. “Espainiako araudian jada kopuru horretara igo dute euskarazko obren kasuan ezarri beharreko kenkaria, eta uste dugu guri badagokigula kasu honetan ahalik eta portzentaje handiena, Gipuzkoan badagokigula euskarazko lanak ahalik eta gehien laguntzea, lurraldeko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta”, azaldu du batzarkideak.

  2. Errealitate kulturala kontzeptua euskal errealitate kulturala-rekin ordezkatzea; izan ere, irudi lezake Gipuzkoan egonik ezinbestean behar lukeela euskal errealitate kulturala, hala zehaztu gabe, baina uste dugu beharrezkoa dela zehaztea.

  3. Ikus-entzunezko obra bat zailtzat hartzeko zerrendari beste egoera bat gehitu dio EH Bilduk: lantzen den edukian, emakumeen eta gizonen arteko rol banaketa apurtzeari, genero- eta sexualitate-adierazpen ezberdinak aitortzeari edota gure gizartean dauden diskriminazioak salatzeari lotuta dago. “Gure ustez, halako lanak bultzatzea ekar dezake pizgarri honek, eta pedagogia lan handia egiteko aukera bat izan daiteke”, zehaztu du Amenabarrok.

  4. Arte eszeniko eta musikalen zuzeneko ikuskizunen kasuan publizitate-kostuak esplizitatzea.

  5. Erdibidekoa adostu du EH Bilduk gobernuko taldeekin. “Gure proposamena zen jatorrizko bertsio bakarra euskara hutsean duten obren kasuan % 15eko kenkaria aplikatzea, % 5ekoa aplikatu beharrean. Eta itzulpenen kasuan ere %15eko kenkaria aplikatzea. Izan ere, jatorrizko proposamenean ez da kontuan hartu hizkuntzaren aldagaia, eta, gure ustez, euskarazko edizioari laguntza handiagoa eman behar genioke”, argudiatu du batzarkideak. EAJrekin lortu den akordioan, zehaztu da kenkari horretaz baliatzeko baldintza izatea guztira argitaratutako liburuen gutxienez % 50 izan daitezela euskaraz argitaratutakoak.

Bukatzeko, gainerako taldeek aurkeztutako zuzenketen dagokionez, Eusko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztu dituzte, lau zuzenketa guztira: horietako bi liburuen edizioari dagozkio, eta, lehen esan bezala, erdibidekoa egin du bi kasuetan EH Bilduk; hirugarren zuzenketa eraginaren ebaluazioari buruzkoa da, eta horrekin ere erdibidekoa lortu da, foru aldundiak urtero emango diezaion Batzar Nagusiei kulturarako pizgarri fiskalen emaitzen eta horien eraginaren berri; laugarrenaren kasuan, zioen azalpena aldatzeko zuzenketan, alde bozkatuko dugu.