AKTUALITATEA


| 2024-05-08 12:03:00

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Departamentuari eskatu diote administrazio eskudunekin lankidetzan aritzeko, Gipuzkoako lurralde historikoko datu fiskalak eta katastroko datuak emanez, alokairu merkaturako erreferentziazko prezioen indize berriaren balioak kalkulatu ahal izateko. STOP Deshaucios-en bultzadaz eta EH Bilduren ekimenez Batzar Nagusietan landutako eskaerak Elkarrekin Gipuzkoa, PSE eta EAJrekin adostasuna lortu du. Honek erakusten du ezkerreko eta politika berdinzaleak martxan jartzeko abagune aparta dagoela Gipuzkoan.

 

 

Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak aurkeztu dituen datuen arabera, Gazteen Euskal Behatokiaren 2022ko txostenean oinarrituta, Gipuzkoako 25 urtetik beherako gazteak dira etxebizitza bat alokatzeko edo erosteko zailtasunik handienak dituztenak, EAEn, eta Gipuzkoaren kasuan, gainera, emakumezkoak dira zailtasun handienak dituztenak.

 

Etxebizitza bat izateko herritarrek dituzten arazoei “enplegu iraunkor bat lortzeko zailtasunak, soldaten prekarizazioa eta emakumeei eragiten dien soldata arrakala eta ondorioz sortzen diren finantziaziorako zailtasunak gehitu behar zaizkie”, gehitu du Iriartek. Aipatutako errealitate horren ondorioz, gazteek bizitza proiektua egiteko zailtasunak dituzte.

 

Ez da gazteen arazoa bakarrik. STOP Deshaucios taldeak egoera zaurgarrian dauden adin guztiei erreparatzen die, bereziki, pentsiodunei eta adinekoei. Eta, kasu horretan ere, emakumeen egoera da kaltetuena.

 

Orokorrean etxebizitzaren prezioa igo egin da, %20 azken bost urteotan. Alokairuen prezioak ere maximo historikoetan daude 2023ko udaz geroztik. Eta, ondorioz, jendeak esfortzu handia egin behar du hilero bere soldataren %30 bertara bideratzeko”, argudiatu du. “Horregatik, garrantzitsua da gaur hemen egiten dugun eskaera: prezioen erreferentzia indizea kalkulatzeko datu fiskalak eta katastroarenak eskura jartzea. Edonola ere, hau urrats txiki bat baino ez da”.

 

Bukatzeko, EH Bilduk berretsi du prest dagoela ekimen hauek lideratzeko eta esku artean dituen legezko bitarteko guztiak erabiltzeko. Horren adibide dira EH Bilduk gobernatzen dituen herrietan emandako aurrerapausoak. Etxebizitzarako sarbidea eskubide bat da, eta hori bermatu artean, negozioa bigarren lekuan kokatu behar da.