AKTUALITATEA

| 2025-05-28

Europako Batasunean euskara ofizial izateko bozketa atzeratu izanaren atzean dauden zioak azaldu ditu Pernando Barrena europarlamentariak Naiz Irratiko elkarrizketan. «Azken asteetan dena ondo bideratuta zirudien, baina Alderdi Popularrak sustatutako ofentsibak hautsak harrotu ditu. Ofentsiba horrek erabilpen politiko argia izan du», adierazi du. 

«Euskal Herrian aski ezaguna da PPren jarrera aniztasunaren aurkarekiko, nahiago du Europa monokolore eta monolitikoa. Europako erakundeak etengabe erabiltzen ditu eskuinak Sanchezen aurkako borroka domestikoan eta hau beste adibide bat da», argitu du europarlamentariak. 

Halaber, esan duenez, «Europako Batasunean euskara ofizial izateak balio beharko luke, Nafarroako sozialistek norabide horretan pausoak emateko eta Nafarroan euskararen aldeko politika koherenteago eta ausartago bat bultzatzeko. Euskararen onarpenak ez duelako inor kaltetzen, ez hemen, ez Europan».