AKTUALITATEA

| 2025-06-03

Konferentzia antolatu du EH Bilduk Palestinako herriari babesa agertu eta genozidioarekin amaitzea eskatzeko. Hurrengo astelehenean egingo da, ekainaren 9an, Bilboko Arrupe Etxean, eta bertan parte hartuko dute gizarte erakundeak, plataformak eta aktibistek; Palestinako herriaren egunerokoa ondo ezagutzen duten aktibista palestinarrek eta EH Bilduko ordezkariek. Egun Palestinan bizitzen ari diren errealitate gordinarekin zerikusia duten gaiak landuko dituzte hurrengo asteleheneko konferentzian: Europako Batasunaren eta Israelen arteko akordioaren amaiera, nazioarteko zigor gortearen aurreko salaketa, armen enbargoa, gizarte zibil antolatuaren estrategia, errefuxiatu palestinarren babesa, besteak beste.

Arratsaldeko 18:00etan abiatuko da  ‘Palestina libre! Haritzaren herritik Olibondoaren herrira... ‘ izenburuko konferentzia, Bilboko Arrupe Etxean. Elena Beloki moderatzaile dela, solasaldia egingo dute gobernuz kanpoko erakundeek eta ekintzaileek: UNRWA, Mundubat, Gernika-Palestina, Amnesty International.

Palestinar herriaren errealitatea eta Palestinarekiko elkartasunerako eta genozidioaren amaierarako erronkak lantzea izango da bigarren solasaldiaren helburua. Lorena Lopez de Lacalle moderatzaile dela, Fouad Baker, Majel Dibsi eta Nadia Nemeh ekintzaile palestinarrek hartuko dute hitza.

EH Bilduk hainbat gunetan egindako lana eta etorkizunerako proposamenak lantzea izango da hirugarren panelaren helburu nagusia. Irati Jimenez, Itziar Iturri, Oihana Etxebarrieta eta Amancay Amets Villalba arituko dira zeregin horretan, eta Diana Urrea arituko da moderatzaile lanetan.