AKTUALITATEA

| 2025-06-18

EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua eta EH Bilduren Harremanen idazkari eta Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrieta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezekin bildu dira gaur, Moncloako Jauregian. Ustezko ustelkeria kasuen aurrean, irmotasun osoz jarduteko beharra helarazi diote EH Bilduko ordezkariek. Neurri sakonak hartzearekin batera, proposamen zehatz eta eraginkorrak martxan jartzeko ere eskatu diote, geroz eta premiazkoagoa den erregenerazio demokratikoan aurrera egiteko.

Ustelkeriaren aurkako tolerantziarik ezak neurri eta erabaki ausart eta integralak ekarri behar dituela nabarmendu du EH Bilduk, helburu argi batekin: programa politiko demokratiko, plurinazional eta sozial berri bat artikulatzea inbestidurako gehiengoaren eskutik.

Ildo horretan, EH Bilduk uste du politikoki ez dela nahikoa gobernuaren alternatiba okerragoa dela adieraztearekin, eta une honetako krisialdia aukera estrategiko gisa aprobetxatzeko deia egin du, Euskal Herriaren eta Estatuko gainontzeko herrien, langileen eta gehiengo sozialen nahiei erantzungo dien erreforma demokratikoa lortzeko prozesu bat irekitzeko.