AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-17

 

EH Bilduk Zamudioko Parke Teknologikora eraman du gaur hauteskunde kanpaina, Euskaltelen egoitzaren atarira, Euskaltel Urkulluren gobernuen «politika industrialik ezaren, ikuspegi estrategikorik ezaren eta lidergo ekonomikorik ezaren ondorio eta adibide paradigmatikoa delako», Oskar Matute diputatu eta Bizkaiko hautagaiak adierazi duenez.

Matutek gogora ekarri du Euskaltel 1990eko hamarkadan sortu zela bultzada eta diru publikoarekin telekomunikazioen sektore estrategikoan, baina, urteak pasa ahala, «Jaurlaritzaren pasibotasunak eta zuzendaritza-taldearen borondateak, enpresaren erabateko pribatizazioa eta irabazi partikularrak bilatu baitzituen», ateak ireki zizkieten espekulazio-funtsei, eta azkenean Euskatel sektoreko erraldoi baten esku geratu da. «Prozesu horren ondorioz, gaur Euskaltel ez da existitzen enpresa independente gisa, marka komertzial bat baino ez da».

Beste toki batzuetan horrelako egoerak gertatu direnean gobernuen jokaera eta jarrera guztiz ezberdinak izan direla azpimarratu du hautagaiak. «Gobernuen erantzuna bestelakoa izan da: aktibatu dira, halako operazioak eragotzi dituzte edota enpresen kapitalean sartu dira haien gaineko kontrola galtzea saihesteko eta errotzea bermatzeko; hemen, aldiz, gure herriarentzat hain garrantzitsua eta hain sinbolikoa zen enpresa hori galtzea ekarri duen prozesuaren konplize izan da Jaurlaritza, eta ez da kasu bakarra izan gainera, Euskaltelek ez ezik, beste konpainia estrategiko batzuek ere deslokalizatu dituztelako euren erabakiguneak edota produkzioa, Gamesa eta Ibermatica kasu, Eta badaude beste batzuk, euren sektoreetan puntakoak direnak, ikusten ari direnak ez dagoela herri honetan erroturik mantentzeko gaitasunik, inbertsio funtsen edota atzerriko enpresen esku geratzen ari direnak».

Jaurlaritzaren politika ekonomiko eta industrial faltari Matutek «industria politika aktibo baten beharra» kontrajarri dio, «politika bat, zeinak finantza-tresnak izango dituena enpresa estrategikoetan inbertsioa eta partaidetza publikoa edo erdi-publikoa ahalbidetzeko».
 


Alde horretatik, EH Bilduko diputatuak «finantza gaitasuna eta giharra izango duen inbertsio funts publiko bat» sortu beharra aldarrikatu du, «inbertsio egokiak egiteko ikuspegi eta planifikazio estrategikoa izango duena, horixe baita 2012tik eskatzen ari garena». Horren harira, gogorarazi du Jaurlaritzak Finkatuz funtsa duela, teorian lan hori egiteko, baina «errealitateak erakutsi du Finkatuz ez dela tresna eraginkor bat izaten ari, finantza zuzkidura eskasa duelako, ez nahikoa, sortu zenetik bere baliabide ekonomikoen heren bat baino ez duelako aktibatu hiru operazio bakarrik egiteko, eta horietako bik, Kaiku eta CAF kasuek, ez zuten xedetzat arriskuan zeuden enpresak errotuta mantentzea, baizik eta Kutxabank-en desinbertsio prozesuek utzitako hutsunea betetzea».

Tresna finantzario indartsuak dituen industria politika ekintzaile eta aktibo horren defentsaren baitan, Matutek «Finantzen Euskal Institutua banku publiko enpresei zein instituzioei finantza-gaitasun handiagoa emateko», eta ildo beretik, iragarri du EH Bilduren asmoa dela «Kutxabanki buruzko debatea berriro irekitzea, euskal ekonomiari eta industriari egiten dion ekarpenaz, gure herrian daukan inbertsio-ahalmenaz eta haren kontrol publikoaz eztabaidatzeko». Halaber, kapital pribatua ere mobilizatzearen garrantzia nabarmendu du, «inbertsio pribatua suspertzeko neurriak hartzeko, eta, adibidez, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak inbertsio produktibora bideratzeko hemengo sare industrialaren barruan».

Azkenik, Deslokalizazioen aurkako Legea EH Bilduk sustatu zuela gogorarazi du Matutek, «deslokalizatzen diren enpresek urteetan jaso dituzten diru-laguntza publikoak itzultzeko obligazioa izan dezaten», eta funtsezkotzat jo du «ekosistema industrial indartsu bat finkatzea, enpresei hemen errotzeko arrazoiak emango dizkiena». Horretarako, bere ustez, gakoak izango dira, besteak beste, «Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egitea eta arlo horretan inbertsioa gutxienez BPGren % 3ra igotzea, plangintza estrategikoa eta prestakuntza arloko planifikazioa, hau da, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarea indartzea».