AKTUALITATEA

| 2024-04-29

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakariaiak, agerraldia egin du, gaur eguerdian, Donostian. Lehenik eta behin, igandeko emaitzen ondoren eskerrak emanez hasi du agerraldia Otxandianok, «eskertu nahi dut EH Bilduren bozka hartu eta hautetsontzian sartu duen jende guzti horri. Emaitza historikoak atera ditugu. Emaitzak izugarri onak dira. Jauzi handi bat eman du EH Bilduk eta ezkerreko subiranismoak hauteskunde hauetan. Eta, beraz, zorionekoak gara eta lehenik eta behin, halako emaitzen ondoren dagokiguna da eskerrak ematea jende horri guztiari emaitza historiko hau posible egitearren. Gaur mapa politikoa berria da: EH Bildu bigarren indar politikoa da, baina eserlekutan lehenarekin enpatatuta, berdinketa historikoa da. Mapa politikoa aldatu da herri honetan, beraz, bagaude beste agertoki batean», adierazi du. 

Lehendakarigaiaren esanetan, «argi ikusten da hor badaudela bi gehiengo argiak, inoizko argienak: lehenik eta behin, badago gehiengo abertzale subiranista historiko bat 54 eserlekurekin, inoiz gertatu ez den gehiengo bat subiranista abertzalea. Eta badago bigarren gehiengo oso bat 40 eserlekurekin, ezkerrekoa». Horren aurrean, «gehiengo horiek artikulatzeko momentua dela» aldarrikatu du. «Mandatu hori eta horren gainean proiektu herri proiektu sendo bat eraiki behar dela uste dugu. Hori da tokatzen dena momentu honetan, eta esan nahi dugu hau egiteko momentua dela orain. Orain da momentua herri honek behar duen herri proiektua osatzeko eta herri proiektu horrek eskatzen duen gobernagarritasuna antolatzeko. Hauxe da momentua horretarako. Hauxe da hitz egiteko zein den behar dugun politika ekonomikoa, zein den behar dugun politika energetikoa, zein den behar dugun hezkuntza politika, zein den behar dugun hizkuntza politika, zein den behar dugun autogobernu berria», adierazi du. 
 


​«Hauxe da momentua akordio handi bat josteko herri proiektu baten inguruan eta herri proiektu horrek eskatzen duen gobernagarritasunaren inguruan. Hauxe da horretarako momentua, eta hauxe da galtzen utzi behar ez den momentua, momentuak eskatzen duelako, momentu historiko batean gaudelako, gehiengo argiak daudelako legebiltzar horretan, garaiak konplexuak direlako, garai zailak datozelako, erronkak izugarri handiak direlako eta behar dugulako proiektu bat eta gobernagarritasun bat garai honen neurrian jarriko dena», gehitu du Otxandianok. 

«Badago beste aukera bat: orain arteko berdina egiten jarraitzea, eta uste dugu hor eraikiko litzatekeela proiektu bat edo gobernu programa bat hipoteka askorekin. Gobernu programa bat ez lituzkeenak artikulatuko legebiltzar horretan dauden bi gehiengo handi horrek, eta hipoteka askorekin jaioko litzatekeen proiektua litzatekeela hori eta gobernagarritasun bat planteatuko lukeena zeinak bazter utziko lukeen bigarren indar politikoa, lehenarekin berdindua dagoena eserleku kopuruari dagokionez. Uste dugu hori aukera galdu bat litzatekeela, hipoteka askorekin jaioko litzatekeen hautu bat eta ez dela horretarako momentua», salatu du Otxandianok eta EAJren jarrerarekin kritiko agertu da, elkarrizketarako alderdien erronda bat ez irekitzeagaitik.