OPINIONES

Kasualitaterik ez dago hemen

Irene Ezkurra | 2021-11-09 08:13:00

Astuna dela ezin ukatu gai oro (eta horrenbestez, iritzi oro) bizi dugun ez-ohiko egoerari lotzea, gazteak gazteak gazteak eta izurrite madarikatua, ni ere honetara nator oraingoan ere.

Gure bizitzak alde guztietatik zeharkatzen ditu ate joka dugun krisiak, ordea, eta ezin ezein esparruri buruz iritzirik eman hau kontenplatu ezean. Anabasa erraldoiak lehendik bizi genuen normaltasuna hankaz gora jarri eta gure bizitzak ere goitik behera aldrebestu ditu. Aldaketa hauek, kasualitatez, kalterako izan dira sektore zaurgarrienetan.

 

Zurrunbilo honen barruan, ikusten denari erreparatu ordez ikusgai ez dagoen horri erreparatu nahi diot hemen. Zehazki, pandemiak gazteongan eragin dituen ondorio psikosozialei. Gazte gehienok izango dugu gure inguruan azken urtean gaixotasun psikosozialik bizi izan duen gertuko edo ezagunik. Hau ere ez da kasualitatea hurrengo datuari erreparatzen badiogu, hots, gazteengan antzemandako gaixotasun psikosozialak nabarmen handitu dira gurean, eta hauek eragindako ospitalaratzeak %50 hazi.

 

Esaten genuen lehen ere, itxialdia eta hobeto esanda pandemiaren aurka egindako gestioak interes konkretu batzuei erantzun ziola.Ikusi genuen nola gazteon egoera inori axola ez eta gainera gure gainean jarri zutela pisu eta zama mordoa, gertatzen zenaren erantzule nola egin gintuzten ondo ikusi genuen. Testuinguru horretan bada ulertu behar dira gazteok egun bizi ditugun kasu guzti hauek, sozializatzeko espazioak alternatibarik gabe kendu eta gainera presio izugarria jartzen zaigun testuinguruan. Noski, eremu sozialaz gain badu bere garrantzia azken urteotan areagotu den prekarizazio mailak, lan eta ikasketen esparruan besteak beste. Bizi eredu idealizatu baten gezurra, etorkizun gordin guztiz ezegonkorra…jasan izan dugun egoerak eraman gaitu zenbaki hauetara, zalantzarik gabe.

 

Hau konpartitu ezkero, bada, ados egon gaitezke egoera larri honek atzean erantzule batzuk dituztela. Zehazki, ezegonkortasunera eta prekarietatera kondenatzen gaituztenon izenak.

Areago, arazoa konpondu ez eta larriagotzen du osasun sisteman osasun mentalari ematen zaion tokia, hutsaren hurrengoa dena. Arazoa larria da, datuak begiratzea besterik ez dago. Ikusi ez arren gure inguruan eragiten du auzi honek, eta hurrengoarekin bukatuko dut, kasualitatea hemen ez da existitzen.