OPINIONES

Itsasoak dakarkiguna

Arantza Gutierrez Paz | 2023-09-21 10:09:00

Irailaren 16an berriz ere Itsasoak dakarrena izeneko ekintza antolatu zuen Getxoko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak; honako honetan, berriz, itsasoak Mediterraneo eta Atlantikoak bereziki Europara heldu nahian iresten dituen pertsonengan ez ezik, gurera heltzen diren horiengan ere arreta jarri nahi izan du.

Heltzea izugarrizko garaipena den arren, iritsi ondoren bizirautea ere ez da bat ere erraza. Eta gure gizartea batzuetan itsaso bat baino ankerragoa izan daiteke… Kasualitatez, Ereagan pertsona batzuek bidaia segurua eta guztientzako harrera duina aldarrikatzen genituen bitartean, oso hurbil luxuzko gurutza-ontzia ikusten genuen. Horiek ere ekartzen dizkigu itsasoak, eta alfonbra gorriko ongi-etorria ematen zaie, turistak baitira, ez migratzaileak. 

Batzuek eta beste batzuek gurera heltzeko egin behar duten bidaia-motari buruzko gogoetatik haratago, hona ekarri nahi dut halako turismoak (lehenengo munduko beste jardun askorekin batera) eragiten dituen hondamenaren ondorioz ere pertsona batzuk beren jatorria uztera behartuta daudela, aldaketa klimatikoa baita migrazio askoren atzean dagoen faktore bat.

Klima-aldaketa, Hegoaldearen errekurtsoen ustiapen basatia, interes ekonomikoengatik Mendebaldetik babesten diren erregimenek kolektibo batzuengan (emakumeak, LGTBI+…) eragiten duten errepresioa, etxe ondoan dugun arma-enpresek elikatzen dituzten gerrak… Horiek guztiak daude gurera etortzen erabakitzen dutenen atzean, eta guk bultzatu ditugu, batzuetan erailtzen dituen itsaso hori atzean uzten duten lurraldea baino segurua delako, gurera heltzean, bizitza duina egiteko ametsa zain dagoela uste dutelako. Beraz, migrazioa eragiten duten faktoreetan eragiteko gaitasun gutxi dugula uste baitugu, gutxienez, heltzen direnei harrera ona egin diezaiegun.