OPINIONES

Euskaldunok, oraindik ere, lokatzetan

Nerea Guijarrubia Garzia | 2021-07-22 12:36:00

Datorren irailean ez dira euskarazko tailerrak izango Getxoko Kultur Etxean. Hala berretsi digute Kultur Etxeko presidenteak eta gerenteak.

Euskarazko tailerrak esleitu gabe geratu dira egindako lehiaketa publikoan, eta beste bide bat topatu beharrean irailean euskarazko eskaintza egon dadin, prozesu berria abiaraztea erabaki dute; goizenez, urtarrilean izango dute aukera euskaldunek euskarazko tailerrak euskaraz jasotzeko. Bada, getxoztar euskaldun maiteok, ez bete agendak urtarrilera arte, badakizue, bizi-planak ere atzeratzera behartuta egon ohi gara eta.

Tailerren afera "konplexua" dela esan digu gerenteak. Bai, horretan ados gaude. Gure hizkuntzari dagozkion afera ia gehienak konplexuak dira. Diglosian bizitzea ez baita erraza inorentzat, menpeko hizkuntzari gizarte funtzioak lehiatzea ez da inoiz erraza izango. Are gutxiago, estatu propio barik.

Horregatik, orain dela bi urte, euskarazko tailerren inguruko azterketa egiteko eskaria egin eta sinadurak batu genituen; euskarazko tailerrak ez daitezela izan gaztelaniazkoen berdina, eskaintza erakargarria izan dadin, gaztelaniazko tailerren ordutegi bezain egokienean, behar besteko zabalkundea izan dezan euskal hiztunen komunitate zabalari heltzeko... Bai, konplexua da. Aurreikuspena eta lanketa berezia eskatzen du gureak. 

Engaiamendua beti.

Eta horiek egon ezean, hauxe da daukaguna; irailean argitaratuko den Kultur Etxeko tailerren zerrendan ez da euskarazko tailerrik egongo. Hauxe da getxoztar guztiek, erdaldunek zein euskaldunek, irakurriko dutena: ez dago euskarazko eskaintzarik. Ondoren, euskararekiko herritarren jarreran eta gure hizkuntzaren statusean eragiten jarraitzeko, gure hizkuntza gutxituaren iruditegia eraikitzen jarraitzeko: euskarazko eskaintza ez da instituzio publiko batetik bermatzen gutxi direlako euskaldunak, eta horiek ez dute merezi... 

Mezuak eta mezuak, egite modu batek atzean dakartzanak, gero eta gehiago egunerokoan azalerazten direnak; Irun, Getxo...

Eta horrek guztiak euskaldunok, oraindik ere, lokatzetan gaudela gogorarazten digu, nahiz eta batzuok alfonbra zapaltzen ari garela sinistarazten saiatu.