OPINIONES

Basaurik behar duen bultzada

EH Bildu Basauri | 2023-05-11 12:42:00

Egingo dugu!

Basaurik azken 40 urteak espiral negatiboan murgilduta daramatza. Zalantzarik gabe, herri gisa aurrera egin dugu hainbat arlotan, baina egia da ere azken hamarkadetan udal-gobernuan txandakatuz joan diren alderdiek garatutako udal-politiken inertziak eta konformismoak eragin handia izan dutela udalerriak bere ingurunearekiko duen eraginean zein Bizkaiko atzeko patioa izatearen sentsazio nabarmenean. Hori argi ikusten da gure herriaren egoera aztertzen badugu udalaz gaindiko erakundeek hartutako erabakiei dagokienez, Basauriri ezer gutxi edo batere eskaintzen ez dioten azpiegituren ezarpen sistematikoekin, zeintzuekin basauriarrok beti galtzaile ateratzen garenekin. Aurrekoari gehitu behar zaio Basaurik egin gabeko betebehar garrantzitsuekin amaitzen duela legegintzaldia: mugikortasun-plana, irisgarritasun-plana, Karmelo Torreko igogailua edota San Fausto plaza berria.

Basaurirentzako inflexio-puntu baten aurrean gaude, zeren eta herri gisa jasaten dugun zor historikoari epe labur eta ertainean aurre egin beharko diegun erronka estrategikoak gehitu behar baitzaizkio. Biztanleriaren zahartzea, trantsizio energetikoa eta erronka klimatikoa, bizi-baldintzen prekarizazioa eta desberdintasun sozialen igoera, udalerriaren desindustrializazio kezkagarriaren prozesua eta tokiko merkataritza-sarearen pixkanako desegitea, etxebizitza-problematika eta gazteek beraien bizi-proiektua garatzeko duten perspektiba falta, zaintza krisia, zerbitzu publikoen pribatizazioaren mehatxua, Basauriko hirigintza-errealitatea mugikortasunaren eta irisgarritasunaren ikuspegi berrietara egokitzeko beharra, udalerriaren adeitasun urbanistikoa edo egungo etxebizitza-parkearen eta eremu degradatuen birgaitzea eta berroneratzea; horiek guztiak erabateko garrantzia duten kontuak dira eta herri gisa gure onena ematera behartuko gaituzte.

Utzikeriazko egoera honi amaiera ematera eramango gaituen bideari ekiteko unea da, beste erakunde batzuetako gobernuen euskarri diren eta toki-mailako praktika politikoa hein hando batean mugatzen duten alderdiekiko loturarik gabe. Dena dagoen bezala mantendu nahi dutenen aurrean, dagoenarekin konformatzen direnen aurrean, EH Bildun argi daukagu Basaurik erritmoa aldatu behar duela merezi dugun etorkizuna eraikitzeko.

Eta hori lortzeko errezeta, erraza izan gabe, argia da: konpromisoa, ausardia eta sormena. Lidergo berriak behar dira, herritarren eta erakundeen artean partekatuak, dauden udal-baliabideak zorrotz eta eraginkortasunez kudeatuko dituztenak eta, konplexurik gabe, egungo eta etorkizuneko erronka handiei ahalik eta modurik egokienean erantzuteko formula berriak bilatuko dituztenak. Azken batean, elektroshock politiko bat behar da, lozorrotik atera eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, Basauri bidezkoago eta iraunkorrago bat eraikitzeko bide egokian jarriko gaituena.

EH Bildu ustelkeria kasurik gabeko alderdia da, esandakoa egiten duena eta egindakoa esaten duena. Gobernatzen dugun udalerrietan edo gobernu politiketan eragiteko gaitasuna dugunetan jendearen bizitza hobetu egiten da.

Basaurin erakutsi dugu herri gisa kezkatzen gaituen gai bakoitza zorroztasunez lantzeko gaitasuna dugula. Frogatu dugu gauzak beste modu batera egin daitezkeela herritarrekin eta herriko eragileekin batera. Gure proposamen-gaitasuna erakutsi dugu baita ere, pandemia garaian tokiko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko egindako proposamenen bitartez zein bestelako garaiotan egindakoen bitartez, hala nola, Musika Eskolako plazak handitzea, bolatoki eremua berritzea, gizarte-larrialdietarako etxebizitza-parkea erostea edo gizarte-babeseko laguntzak eta baliabideak zabaltzea. Argi geratu da, halaber, gai estrategikoei buruz mahai gainean jartzen ditugun ideiek (HAPO, Baskonia, Sarratuko geltokia, trenbidearen berrantolaketa, MercaBilbao) eztabaidaren zentralitatea irabazten dutela eta, azkenerako, gainerako eragile politikoek onartu egiten dituztela.

Gure proposamenak gobernantza kooperatiboko eredua du oinarri, udal-politika demokratizatuko duena eta herritarren zein kolektiboen parte-hartzea bermatuko duena, udalerri gisa adostasun zabalak lortzeko aukera emanez. Pertsonak erdigunean kokatzen dituen eta inor bidean uzten ez duen proiektua da gurea. Politika publikoak abiarazteko orduan ikuspegi desberdinak txertatuko dituena eta herri gisa aurrera egiteko aukera emango diguna, arazo historiko iraunkorrei irtenbideak bilatuz eta egungo zein etorkizuneko erronkei aurre egiteko ahalik eta egoera onenean kokatuz.

Aurrerapauso bat emateko eta Basauri hobetuko duen alternatibaren buru izateko beharrezkoak diren esperientzia, taldea eta etorkizuneko proiektua ditugu.

Basaurik behar duen bultzada emateko unea da, EH Bilduren unea.