AKTUALITATEA


| 2024-05-28 14:19:00

EH Bilduk Gasteizko Arka plazan egindako ekitaldian parte hartu dute gaur arratsaldean Aitziber Salazar Europako zerrendakideak eta Rocio Vitero Gasteizko EH Bilduren udal-taldeko bozeramaileak.

Aitziber Salazarrek EH Bilduren ahotsa Europan entzutearen garrantzia nabarmendu du, subiranotasunaren eta ezkerreko politiken ahotsa entzutea baita. «Erakutsiko dugu subiranotasuna demokrazian sakontzea dela eta ezkerretik Europa bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta aurrerakoiagoa egitea dela», esan du.

Ultraeskuina aipatu du Salazarrek, printzipio horien aurka egingo baitu beti. Baina, horrekin batera, ultraeskuinaren agenda elikatzen ari direnak izan ditu gogoan, «bertakoak nahiz kanpokoak».

Nazioarteko egoerari ere egin dio erreferentzia, eta bereziki, Palestinari eta bertan gertatzen ari den genozidioari, gaur bertan aitortu baitute Palestinaren existentzia Europako zenbait estatuk. «Gaur Estatu espainiarra, Norvegia eta Irlanda izan dira, baina Europa osoak eskatu behar du Palestinan genozidioa amaitzeko eta Estatu gisa onartzeko», adierazi du Salazarrek.

Aldaketa finkatzea

Rocio Viterok, bestalde, gogora ekarri du gaur dela urtebete EH Bilduk udal- eta foru-hauteskundeak irabazi zituela Gasteizen, «gasteiztarrek hala erabaki zutelako». Ziklo aldaketaren lehen adierazlea izan zen hura, Viteroren esanetan.

Viterok esan du lehen pauso horren ostean, aldaketan sakontzea dagokiola euskal gizarteari, eta horregatik EH Bildu dela aukerarik onena Europako hauteskundeetarako. «Politikoki garrantzitsuena da EH Bilduren igoera geldiezinak aldaketa politiko baten hasiera ekarri duela Euskal Herrian. Orain, ekainaren 9an, ziklo politikoaren aldaketa finkatu behar da, egonkortu», esan du Rocio Viterok.