AKTUALITATEA


| 2024-04-29 12:20:00

EAJk Alde Zaharreko trafikoa arautzeko ordenantza berria onartu du. Oposizioarekin akordiorik lortu gabe egin du, nahiz eta behin baino gehiagotan eskua luzatu diegun elkar ulertzeko. Batez ere, herritarrei kalterik ez eragitea dugu asmo, haiei eragiten baitiete aldaketa arbitrarioek.

Gure proposamena Mugikortasun Mahai bat sortzea zen, gaian interesa duten pertsona edo kolektibo guztiek parte hartu ahal izateko. Horrela egin zen 2012an, alde zaharra asteburuetan ixteko ordenantza argitaratu zenean. Gainera, aurreko legealdian parte hartzeko saio bat kontratatu zen ordenantza idazteko, baina egungo gobernu-taldeak baztertu egin du.

Ordenantzak oinarri txarra duela uste dugu, hainbat arrazoirengatik:

Alde batetik, atzerakoia da, plazak duela bi urte irabazi zuen oinezkoentzako gune bat desegiten baitu. Gune horrek oinezko guztiei egiten die mesede, baina batez ere plazan jolasten diren haurrei eta ikastetxeko ikasleei, dagoeneko ohitu baitira bertatik autorik ez pasatzera. Eskola-ingurune seguru bat desegitea Espainiako Pediatria Elkarteak edo Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen dutenaren aurka doa; beraz, Urduñan atzerapauso larri samarra emango dugu.

Bestalde, ez da eraginkorra, ez baitu arazoa konpontzen, autoak plazan aparkatuta ikusten jarraituko baitugu. Gogoratu behar da plazan ez dela aparkatu behar 2000. urtetik, hura eraberritu zenetik. Beraz, 2024an, aparkatzea baimentzen duen ordenantza bat argitaratzea baimena 30 minutukoa izan arren–, akats historikoa da eta gainera ez dator bat goragoko mailako arauekin (PER, HAPO, Irisgarritasuna).

Gogoratu nahi dugu hirigune hau Erdi Arokoa dela, 6 mende baino gehiago dituela eta 1997an Monumentu Multzo Historiko izendatu zutela. Autoek kalte egiten diote balio handiko multzo horri, eta, beraz, ordenantzak murriztailea izan beharko luke, ez permisiboa.

Herrigunea aparkaleku ugariz inguratuta dago, distantziak laburrak dira, eta oinez egiteko errazak. Autorik gabeko alde zaharra leku atseginagoa eta seguruagoa izango litzateke, eta hori ona da negozioentzat, egoiliarrentzat eta oinezkoentzat.

Horregatik guztiagatik, behin eta berriz galdera hau egiten diogu gure buruari: nori egiten dio mesede ordenantza honek dakarren atzerapausoak?