AKTUALITATEA


| 2024-04-12 20:40:00

Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Ander Goikoetxea EAEKo hauteskundeetarako EH Bilduko haugataia Hernanin izan dira gaur, bertako Elikadura Burujabetzako plan estrategikoaren berri ematen eta horren baitan sortutako egitasmoak ezagutzen.


Badira urte batzuk Hernani Burujabe egitasmoa martxan jarri zela. Garaiko erronkei modu kooperatiboan erantzutea du helburu egitasmo horrek, eta hasieratik argi izan zen elikadura burujabetzan sakondu behar zela; horregatik, elikadura burujabetzarako estrategikoa diseinatzea erabaki zen, lehen sektorea balioan jarri eta indartzeko.


Alkateak azaldu duenez, “lehen sektoreko ekoizleek, nekazari eta abeltzainek, protagonismo nabarmena dute plan honetan. Lehen aldiz Hernaniko nekazari eta abeltzainen elkartea sortu da eta honek ekarri du sektorea ahalduntzea eta Hernaniko Udalarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea”.


Horrez gain, udaletik diru-laguntza partidak bideratu dira nekazari eta abeltzainei zuzenduta, urtez-urte igoera izan dutenak edota diru partidak bideratu dira nekazal lurra erosi eta nekazaritzara dedikatu nahi dutenei aukera bermatzeko. “Horrekin lotuta, nekazal eskola proiektu berriak bultzatu eta martxan jarri dira bazterkeria arrisku egoeran dauden pertsonei zuzenduak, lehen sektorearen erreleboari begira”, gaineratu du Lertxundik.


Lehen sektorearen kezka handietako bat kontsumo bideak erraztearena da kontsumo kooperatiba bat sortu da, eta gaur bisitatu dugun Hernaniko Sukalde Zentrala: “Bertatik transformazio gunea sortu ahal izan da, erakunde publiko zein pribatu eta kooperatiboen elkarlanari esker. Bertan herriko ekoizleen produktuak trasformatu egiten dira kontsumo katean sarbide erakargarriagoa izan dezaten eta bestetik inklusioko lanpostuak sortu dira”.


Ander Goikoetxea, berriz EH Bilduk lehen sektorerako dituen proposamenak azaldu ditu. “Diagnosia argia da gurean: lehen sektorea gainbeheran dator; bizi eta lan baldintza ez duinak, elikagai industriekiko eta merkatuekiko menpekotasuna, errelebo-falta… Horrek azken hamarkadatan nekazarien kopurua nabarmen murriztea ekarri du. Azken hiru hamarkadatan baserrien herena hustu da. Egun titularren % 4ak soilik ditu 35 urte baino gutxiago. Ondorioz, gero eta elikagai gutxiago ekoizten da eta euskal nekazaritza-sektorea urrun dago biztanleria elikatzeko adina ekoiztetik. Egoera honetara ekarri gaituzten politika sektorialak aldatzeko unea da eta horretarako trantsizio bat planifikatu beharra dago, egungo eredutik, eredu jasangarriago, bertakoago eta duinago batera”.


Horregatik, elikadura politika publikoen erdigunean jarri nahi du koalizio abertzaleak, nekazari, abeltzain eta arrantzaleen eskutik hainbat eskalatako neurriak antolatuz, elikadura burujabetzarantz bidea egiteko. “Baserritar eta kontsumitzaileei egokitutako tokiko elikadura sistemak behar ditugu, ikastetxe, adinekoen egoitza edo osasun zentroetako jangela publikoak bertan ekoitzitako lehengaiez hornitzeko gaitasuna izango duten sistemak alegia. Helburu hauek lortzeko egin beharreko trantsizioaren erakusle da Hernanik martxan jarritako Sukalde Zentrala, Hernani Burujabe estrategiaren baitan”.


Elikadura Burujabetzaranzko estrategia integrala martxan jarriko du EH Bilduk, sektorearekin eta administrazioaren alor guztiekin lankidetzan arituko dena eta elikadura katearen jardunbide egokiak bermatuko dituena. Horrez gain, eta Hernanik martxan jarritako ereduari jarraiki, eskualdeka tokiko eta sasoiko elikagaiak prozesatzeko eta banatzeko sistema publiko bat sortuko du, eredu dibertsifikatu eta planifikatua ardatz hartuta. “Norabide honetan, Landa Garapen Elkarteen funtzio eta lanak birpentsatu eta helburu anbiziotsuagoei erantzuteko norabidean jartzea ere bada gure proposamenetako bat. Izan ere, elikagaiak prozesatzeko azpiegituren faltak nahitaezko bihurtzen ditu azpiegitura publiko-kolektibo berriak. Baita ekoizle txikiei transformatzeko baldintza malguagoak ezarriko dizkien araudia bideratuko dugu, Nekazaritza eta Elikadura Legea garatuz”.