AKTUALITATEA


| 2024-04-25 08:08:00

Duela urtebete epaiak ebatzi zuen 1979ra arte mutualista izan ziren pentsionistei, gerora Gizarte Segurantzak hartu zituenei, PFEZean kobratutakoa zuzendu behar zitzaiela, euren alde. Horretarako eskubidea dute preskribatu gabeko urteetan zein etorkizunekoa eskatzeko. Hori horrela, epaiak esandakoa betetzeko, EH Bilduk gaia Batzar Nagusietan aurkeztu du.

Haritz Perez EH Bilduren batzarkideak baieztatu duenez, azken datu ofizialen arabera, zuzenketa eskatzeko eskubidea zutenen erdiek ere ez zuten eskaera aurkeztu errenta kanpaina hasi aurretik. “Zorionez errenta kanpainaren bidez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek berri emateko aukera izan dute, Gizarte Segurantzarekin egindako datuen trukaketak horretarako bidea erraztu baitu”, gehitu du Perezek.

Gaur, Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran adostutakoaren arabera, aukera automatizatua ere eskainiko zaie preskribatu gabeko 2019, 2020, 2021 edota 2022ko urteetako errenta aitorpena zuzentzeko eskaera aurkezteko.

Aurreko osoko bilkuran Perez batzarkideak azaldu bezala, Bizkaiko 2023ko errenta kanpainan ariketa hori modu automatizatuen egiteko aukera izan dute, klik baten bidez. “Positiboa da guztiz Gipuzkoan ere hala egin ahal izatea”, baloratu du Perezek.

Bukatzeko, Haritz Perezek adierazi du talde soberanista pozten dela pentsionisten eskubideak egikaritzeko eskubidea bermatuko delako azkenean.