AKTUALITATEA


| 2024-03-28 09:49:00

EH Bildu eta EAJ udal-taldeek aurkeztutako mozio batean, aurrekontuetan integrazioaren aldeko komunikazio kanpaina parte-hartzailea sartzea ere proposatu dute

Argantzon. 2024-02-28 | EH Bildu eta EAJ udal-taldeek mozioa aurkeztu dute Argantzongo udalean, Trebiñu administratiboki Araban integratzeko lan mahai bateratua sortzek eskatuz.

Taldeek gogora ekarri dute 2021ean Argantzon eta Trebiñuko udalek adierazpen bat onartu zutela, Araban integratzearen alde. Adierazpen hark bi udalerrietan lantzeko eta garatzeko hiru puntu jasotzen zituen: «Araban integrazioaren aldeko komunikazio-kanpaina bateratua abian jartzea; tokiko erakunde eta eragileekin batera integraziorako etapa berri bat gizarteratzea, eta Araba izateko aldarrikapenean herritarren motorrari laguntzeko lan mahai bateratua sortzea».

Bi urte igaro dira adierazpen hura onartu zenetik, eta bi korporazioetan izandako aldaketen ondotik, «aldarrikapen hau berriro mahai gainean jartzeko eta orduan hartutako konpromisoak berreskuratzeko una dela uste dugu», diote taldeek mozioan.

Hala mozioan eskatu dute aurrekontu partida bat sortzea, Trebiñu Araban integratzearen aldeko komunikazio kanpaina parte-hartzailea abian jartzeko. Halaber, Argantzongo udalari eskatzen zaio 2021ean hartutako konpromisoa berreskuratzea, eta integrazioaren aldeko lan mahai bateratua sortzea 2024ko lehen seihilekoan, «instituzioak eta gizarte eragileak kontuan hartuta eta integraziorako etapa berri bat gizarteratzeko helburuarekin».