AKTUALITATEA


| 2024-04-26 07:18:00

Autosufizientzia finantzarioa helburu hartuta, urteroko ebaluazioa egitea proposatu dute, baita pizgarri handiagoak ematea ere, esaterako, euskarazko ekoizpenei eta berdintasuna sustatzen dutenei

Araba. 2024-04-23 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak kultura sustatzeko pizgarri fiskalen Foru Arau Proiektuari zuzenketak aurkeztu dizkio gaur, araua hobetzeko eta kulturaren industria indartzea helburu hartuta. Kultura sustatzeko zerga-pizgarriak eguneratzen eta gehitzen dituen foru arau proiektua aurkeztu zuen joan den hilabetean Foru Aldundiak, Araban sortzen diren ikus-entzunezko, musika, antzerki, liburu eta bestelako formatu artistikoen ekoizpena sustatzeko.

EH Bilduk garrantzitsutzat jo du foru arau proiektua Araban lan egiten duten sortzaile eta eragile artistikoei ekarriko dizkien onurengatik. Horrekin batera, uste dute Araban industria egonkortu eta sendotzeko pausoak eman daitezkeela.

Horregatik egin ditu EH Bilduk zuzenketa horiek, foru araua hobetu eta zabaltzeko. Gogora ekarri dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere eztabaidatu berri dela foru arau proposamena, eta bertan aintzat hartu diren zuzenketak Araban aurkeztu direnen ildo beretik doazela. Beraz, EH Bildu Arabaren ustetan, ez da arazorik izango bere zuzenketak onartzeko.

Pizgarriak eta kenkariak

Hala, EH Bilduk proposatu du foru arauan xedapen gehigarri bat txertatzea; izan ere EH Bilduren esanetan, «kultura sustatzeko pizgarri fiskal horien helburua da, hain zuzen ere, Arabako Lurralde Historikoko ikus-entzunezkoen industria indartzea, eta sektore horren autosufizientzia finantzarioa suspertzea eta bultzatzea etorkizunari begira». Horretarako, 2024 eta 2028 bitarteko zergaldietan, foru arauak ezarritako zerga-pizgarrien eragina ebaluatuko da, eta Foru Aldundiak urtero emango die Batzar Nagusiei kulturarako pizgarri fiskalen emaitzen eta horien eraginaren berri, beharra ikusiz gero, araudiaren balizko moldaketak burutu ahal izateko.

Horrekin batera, EH Bilduk proposatu du pizgarriak % 80rainokoak izatea «jatorrizko bertsio bakarra euskara hutsean duten obren kasuan», baita pizgarriak areagotzea ere, euskal kultur errealitatea edo kultur aberastasuna laguntzen duten lanen kasuan.

Halaber, laguntzak handitzea proposatu dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten lanetan: «Lantzen den edukia emakumeen eta gizonen arteko rol banaketa apurtzeari, genero- eta sexualitate-adierazpen ezberdinak aitortzeari edota gure gizartean dauden diskriminazioak salatzeari lotuta badago».

Beste hainbaten artean, EH Bildu batzarkide-taldeak proposatu du arte eszeniko eta musikaren arloko zuzeneko ikuskizunen kenkariaren oinarrian publizitatea ere kontuan hartzea, kostu artistiko eta teknikoez gain. Liburugintzan ere, euskarazko ekoizpenaren aldeko apustua egin du EH Bilduk: «Kenkari hori % 15ekoa izango da, baldin-eta aurreko zergaldian euskaraz argitaratutako eta euskaratik itzulitako liburuak edo aleak guztira argitaratutako liburuen gutxienez % 50 badira».