Araba

Albisteak

Garraioa bultzatzeko Jundiz eta Foronda trenbidez lotzea planteatu du EH Bilduk

Miren Larrion: Betoñu eta Gamarra industria poligonoak berreskuratu nahi ditugu

| 2019-05-14 12:33:00

EH Bilduk proposatu du Jundiz industria poligonoa eta Foronda trenbidez lotzea Gasteizko aireportuan garraioa bultzatzeko asmoz. 5,5 kilometroko trenbide berri bat izango litzateke, Adifen Jundizko egungo tren-geltokitik eta 15 milioi euroko inbertsioa izango luke. Horrela azaldu du Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia Kike Fdez de Pinedok gaur Estarronan egindako aurkezpenean.

Proposamen honekin batera, Bilodan eraiki nahi duten geltoki intermodala eraikitzeko planak baztertzen ditu EH Bilduk. Horren ordez, egungo Jundizko une logistikoa Krispijanaraino handitzea planteatzen du bertan 750 metroko trenak hartu ahal direlarik. “Ez du inolako zentzurik merkantzia-geltoki berri bat eraikitzea egun dagoen geltokitik 2.000 metrotara, 46 hektarea okupatuz eta Bide Berdea moztuz”, kritikatu du Fdez de Pinedok.

Eremu horretarako EH Bilduren proposamenak AP1 eta A1 errepideen arteko lotune berri bat jasotzen du, Foronda aireportuko mendebaldetik Foronda bera eta Jundiz lotuz eta Estarrona beste aldera utziz. “Etxabarri-Ibiñatik Armiñoira egin den proposamena baino zentzudunagoa da, eta behin betiko konponduko ditu orain Etxabarri-Ibiña eta N-622 errepidearen lotunean sortzen diren arazoak”, azaldu du Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaiak.

H24 eta Mugako Ikuskatze Gunea berreskuratu ostean, EH Bildu Forondako aireportua bultzatzearen aldekoa da, beti ere herri ikuspegi batetik. “Euskal aireportuen artean elkarlana eta osagarritasuna bilatu behar ditugu Gasteizko aireportuaren indarguneak aprobetxatuz garraio aireportua izateko. Horrez gain, hegaldi erregularrak, charterrak eta ozeanoz gaindiko hegaldiak erakarri behar ditugu”, gaineratu du Fdez de Pinedok.

Azkenik, Hegaraba egitasmoan jasotzen zen bezala, EH Bilduk polo teknologiko bat sortu nahi du gertu eta gutxiegi erabilita dagoen Miñao Parke Teknologikoarekin batera. Bi azpiegiturak bultzatzea du helburu eta kasu honetan, energia berriztagarriak, biozientzia eta fabrikazio aurreratua izango ditu zutabe bezala, Arabak arlo horietan puntako enpresak dituelako.

 

Gasteizek duen arazoetako bat industria arloan da ez dagoela inolako udal estrategiarik honezkero ezarrita dauden industriguneak birmoldatzeko eta horiei balioa emateko. Adibiderik onena da Gamarra eta Betoñuko industriguneen apurkako degradazioa: enpresa askok lanean jarraitzen dute, baina hutsik dauden orube asko daude, pabilioi zaharkituak, etab. Miñaoko parkea handitzeko asmoen aurrean, Gasteiztik urrun, EH Bilduren apustua da enpresa aurreratuak hirigunera hurbiltzea, beste hiri batzuetan egin den modura.

«Guk uste dugu posiblea eta beharrezkoa dela Betoñu eta Gamarra berreskuratzea enpresa jarduerak egiteko. Bereziki, erraztu nahi dugu enpresa teknologikoak eta zerbitzu aurreratuakgertuago eta hiriaren erdigunearekin konektatuta egotea», defendatu du Miren Larrion alkategaiak.

EH Bilduren proposamenaren xedea Betoñu eta Gamarrako industriguneak berritzea da. 3,5 milioi metro koadrorekin, hiriaren birmoldatze plan handinahitsuena litzateke. Koalizioak zaharberritze plan berezi bat bultzatzeko asmoa du horretarako. Ideia da hirigintza moderno eta erakargarria sortzea, enpresa berriak erakartzeko. Berrikuntzarako, aisialdirako, zerbitzuetarako, industria erakuslehioetarako, edo orube handiak behar dituzten enpresentzako kokalekuak prestatuko liratete planaren barruan.