AKTUALITATEA


| 2024-04-19 10:22:00

Kanpainaren amaierara iritsi gara. Kanpaina honetan, eztabaida politikoaren maila igotzeko ahalegina egin dugu. Jendeak dituen kezka nagusiei erantzuna emateko EH Bilduk egiten dituen proposamenak azaltzen saiatu gara. Kanpaina honetan, herri hau desberdinen arteko elkarlanetik soilik eraiki daitekeela adierazten saiatu gara.

Kanpaina hau zerbaitek ezaugarritu badu arabar gizartearen erabakigarritasuna izan da. Araba izango da igandean balantza egingo duen herrialdea. Araba izango da gure herrian garai politiko berri bati ateak irekiko dizkion herrialdea. Horregatik, gaur azken dei bat egin nahi diegu oraindik euren botoaren norabidea erabaki ez dutenei.

Igandea egun historikoa izango da. Eta zu protagonista izan zaitezke. Zu, eta zure botoa, aldaketaren motorra izan zaitezke herri honetan. Zu erabakigarria izan zaitezke garai berri bat irekitzeko. Keinu txiki bat baino ez duzu egin behar ziklo politikoaren aldaketaren protagonista izateko. Bozkatu segurtasuna eta konfiantza ematen duen ezkerra. Bozkatu ezker fidagarria. Batu eta biderkatu egiten duen ezkerra. Bozkatu herri honek behar duen aldaketa lideratzeko baldintzetan dagoen ezkerra. Bozkatu hemen benetan ahal duen ezkerra. Bozkatu EH Bildu.

Hauteskunde-kanpaina hau amaitzeko ordu gutxi falta dira, eta hauteslekuak ireki eta gure botoak ematen hasteko pare bat egun baino ez dira falta.

Igande honetan milaka izango dira lehen aldiz EH Bilduren boto-papera hartu eta hautestontzi batean utziko duten pertsonak. Guzti horiei eskerrak eman nahi dizkiegu gaurdanik emandako konfiantzarengatik. Baina ziur gaude oraindik, gaur gaurkoz, ehunka direla oraindik euren botoa erabaki ez dutenak. Eta beraiengana jo nahi dugu gaur.

Oraindik zalantzan jartzen baduzu betikoarekin jarraitzea edo garai berri bati aukera bat ematea. Galdetu zeure buruari ea orain arte bezala jarrai dezakegun. Ea betikoek jakin duten, edo ez, herri hau prestatzen honezkero ematen ari diren aldaketa sakonetarako. Galdetu zeure buruari ea beste lau urteko inertzia eta inakzioa jasan ote ditzakegun. Galdetu ea etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatuta ote dagoen betiko gauza bera eginez. Etorkizuna zure esku dago. Eman aukera bat aldaketari. Bozkatu EH Bildu.