AKTUALITATEA


| 2020-05-15 12:17:00

Barrundiako Udalak dagoeneko Ekinbide eraikina egokitzeko eta bertan eskola txikia egiteko lanak lehiaketara atera ditu. Guztira, 100.000 euro inguru inbertituko dituzte, datorren ikasturtean Barrundiak Eskola Txikia bat izan dezan.

Barrundiako Landa Eskola Ekinbide eraikinean kokatuko da, 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako haurreskola hartzen duen udaletxe zaharrean. Behin obrak amaituta, Eskola Txikiak haur-hezkuntzako gela bat eta lehen hezkuntzako beste bat izango ditu. Eskolak sarbide independentea izango du, eta beheko solairuan haurren gela egongo da, eta horrek, aldi berean, 561 m2-ko lorategi batera zuzenean sartzeko aukera izango du. Etorkizunean ataripe bat eraikitzea ere aurreikusten da. Lehen solairuan, berriz, lehen hezkuntzako gela eta erabilera anitzeko gela bat egongo dira. Bulegoetarako gunea, laguntza-gela eta jolaserako lekua ere izango ditu.

21 haurrek eman dute izena dagoeneko Barrundiako Landa Eskolan. Gehienak udalerrikoak dira, horietatik 15 Haur Hezkuntzan apuntatu dira eta beste 6 Lehen Hezkuntzan. Horrela, Barrundiak aspaldi herritarrek zuten aldarrikapenari erantzungo dio.

Izan ere, Udalerriak 880 bizilagun inguru ditu, eta horietatik 85 2 eta 12 urte bitarteko haurrak dira. Gaur egun, udalerria osatzen duten 13 herrietatik, 3 urtetik gorako haurrek egunero joan behar dute beste udalerri batzuetara ikastera; txikienek, aldiz, Haur Eskola bat dute Ozaetan.