AKTUALITATEA


| 2020-03-31 19:15:00

EH Bilduren iritziz, EITBk azken asteotan daraman ildo informatiboa, Jaurlaritzaren mezu interesatuen anplifikadore bilakatuta, larria eta onartezina bada ere, atzokoan, ETBren eguerdiko albistegian zehazki, marra gorri guztiak gainditu zituen. EAJk EITBz egin ohi duen instrumentalizazioa inoiz ez bezala ikusle guztien begien bistan geratu zen, hain justu EITBren gaineko kontrol mekanismoak, bai Legebiltzarreko batzordea, bai Administrazio Kontseilua, indargabeturik dauden honetan.

EH Bilduk behin eta berriz exijitu du legealdian zehar EITBk objektibotasuna, inpartzialtasuna eta neutraltasun ideologikoa, edozein irrati-telebista publikotan zutabe nagusiak izan behar diren printzipioak, berma ditzala euren albistegietan. Proposamen zehatzak ere egin ditugu norabide horretan, baina gaur EITBren erabilera politiko alderdikoia leporatu behar diegu berriz ere bertako arduradunei, EITB EAJ eta Confebasken interes partikularren zerbitzura ipini dutelako.

EITB bera kaltetzen duen egoera honen jatorrian EAJren estrategia politikoa dago: irrati eta telebista publikoak aparailu propagandistiko bezala erabiltzea hobesten du eta ez zaio axola EITBren izen ona eta irudia zikintzea, egoera horretatik etekin politikoa ateratzen duen heinean.

Esan ezala, atzoko albistegietan EITB EAJ eta Confebasken interes pribatuen ahotsa bihurtu zen zuzenean, ezinbestekoa ez den jarduera ekonomikoa gelditzeko erabakiaz jeltzaleek eta patronalak egin dituzten balorazio politiko alderdikoiak bere egin zituen, hitz eta kalifikatibo berberak erabiltzeraino, eta bestelako iritziak, gainerako alderdienak zein sindikatuenak, albo batera utzi zituen, hirugarren plano batean, bazterrean.